Espainia oso herrialde erresilientea da ikuspegi sozialetik, hau da, gaitasun handia du ezbeharrei aurre egin eta aurrera ateratzeko, Teodoro Hernández de Frutos katedradunak eta Esther Casares García irakasleak (biak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologiako eta Gizarte Laneko Sailekoak) idatzitako “Resiliencia social en un marco comparativo” artikulutik ondorioztatu denez. Artikulua berriki argitaratu da “Revista Española de Investigaciones Sociológicas” aldizkarian.
Lan horretan, ikertzaileek Espainiaren egoera Europar Batasuneko antzeko ezaugarriak dituzten beste zazpi herrialderen egoerarekin alderatu dute (Alemania, Frantzia, Italia, Polonia, Portugal, Suedia eta Erresuma Batua); horretarako, oinarrizko hamahiru aldagai aztertu dituzte hamaika urteko denbora-tartean (2010-2020). Aztertutako alderdien artean daude lana (langabezia, iraupen luzeko langabezia, behin-behinekotasuna eta lan partekatua), desparekotasuna (besteak beste, Gini koefizientea aztertzen da, aberastasuna banatzeari buruzkoa) eta pobrezia eta gabezia. Azterketa egin ondoren, ondorioztatu dute aipatutako aldian Espainiak izan duela erresilientzia handiena aztertutako herrialdeen artetik –horixe zen ikerketaren abiaburuko hipotesia–, hasiera-hasieratik ikusi zelako alderdi horien adierazleen zifrak Espainian “oso altuak direla inguruko herrialdeekin alderatuta”. Espainiaren atzetik Italiak eta Portugalek dute erresilientzia sozialik handiena.
Azterketa egiteko, egileek adierazle konposatuen sistema bat erabili dute; horretarako, EUROSTATeko (Europar Batasuneko Estatistika Bulegoa) datuetatik abiatuta aldagai bakoitzari pisu desberdina ematen dion formula matematiko bat erabili dute.
Erresilientzia soziala eta krisiak
Materialen fisikan sortu zen kontzeptu bat da erresilientzia. Hain justu, haren abiaburua da ikusi zutela gorputz bat bere ohiko formara itzultzen ahal dela hari indar jakin bat aplikatu eta indar horren efektua amaitzen denean. Horren analogia eginez, ikuspegi sistemikotik, egitura jakin baten funtzioa, biziraupena edo garapena arriskuan jartzen duten erronketara ongi egokitzeko gaitasun dinamikoa da erresilientzia, aldagai ugarik baitute eragina gizabanakoen eta gizarteen egonkortasunean. Kontzeptu malgua da, eta egokitze-sistema konplexu asko ulertzeko balio du, hala nola pertsona baten, gizarte baten, familia baten edo enpresa-erakunde baten egokitze-prozesuak ulertzeko.
Ikertzaileek azaldu duten moduan, berriki, COVID-19aren pandemiak berriro jarri du arreta erresilientzia sozialaren garrantzian, hau da, gizarteek egoera kaltegarriei aurre egiteko eta haien aurrean suspertzeko duten gaitasunean; historian zehar beste zailtasun larri batzuekin ere hala gertatu da, besteak beste 29ko krakarekin, petrolioaren krisiarekin edo mundu gerrekin.