Guztira emakumezko zortzi ikertzailek eta gizonezko ikertzaile batek eginen dute lan 2024an Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Ramón y Cajal kontratu batekin. Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak ematen ditu lehia handiko laguntza horiek, eta haien bidez ikertzaile espainiarrak nahiz atzerritarrak Espainiako I+Gko zentroetan lanean hastea sustatzen da. Hauek dira NUPen lanean ari diren ikertzaileak: Estíbaliz Larrainzar Rodríguez, Iñigo Liberal Olleta, Mirja Rotinen Díaz, Miriam Osés-Ruiz, Idoia Ariz Arnedo, Nazareth Torres Molina, Leyre Azpilicueta Fernández de las Heras, Ana María Giraldo-Silva eta Sara Torregrosa Hetland. Haietatik bik, gainera, “Starting Grant” laguntza dute, Europar Batasunean prestigio zientifiko handiena duena: Miriam Osés-Ruiz eta Iñigo Liberal Olleta.
Ramón y Cajal laguntzak ikerketa-ibilbide nabarmena duten pertsonei ematen zaizkie, eta haien karrera profesionala sendotzea dute xede, lanpostu egonkor bat lortzeko aukera emanez Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Espainiako Sistemako ikerketa-erakunde batean. Azken deialdiko arrakasta-tasa % 17,2 izan zen, hots, era horretako beka batera aurkeztu ziren guztietatik ehuneko horrek lortu zuen bat.
Ramón y Cajal kontratu batekin NUPen lanean ari diren ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Leyre Azpilicueta Fernández de las Heras, Nazareth Torres Molina, Estíbaliz Larrainzar Rodríguez, Sara Torregrosa Hetland, Ana Giraldo Silva, Mirja Rotinen Díaz, Iñigo Liberal Olleta, Miriam Osés-Ruiz eta Idoia Ariz Arnedo.
Pertsona horiek unibertsitatean egiten duten ikerketari dagokionez, Estíbaliz Larrainzar Rodríguez, Miriam Osés-Ruiz, Idoia Ariz Arnedo, Ana María Giraldo-Silva eta Nazareth Torres Molina Nekazaritzaren eta Nekazaritzako Elikagaien Zientzien arlokoak dira eta IMAB ikerketa institutuari atxikita daude (Institute for Multidisciplinary Research in Applied Biology); Leyre Azpilicueta Fernández de las Heras eta Iñigo Liberal Olleta, berriz, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien arlokoak dira eta ISC institutuari atxikita daude (Institute of Smart Cities); Sara Torregrosa Hetland Historiaren eta Erakunde Ekonomikoen arlokoa da eta INARBE institutuari atxikita dago (Institute for Advanced Research in Business and Economics); eta, azkenik, Mirja Rotinen Díaz Biomedikuntzaren arlokoa da eta IMAB institutuari atxikita dago.
NUPen Ramón y Cajal kontratu batekin ari diren horiek norbere esparruan puntakoak diren erakundeetatik datoz, hain zuzen: Monterreyko Institutu Teknologikoa (Mexiko), The Sainsbury Laboratory (Erresuma Batua), Lund University (Suedia) edo University of California Davis (Estatu Batuak).
Hautaketa-prozesu zorrotza eta bost urteko kontratua
Lehiakortasun prozesu zorrotz baten bidez egiten da hautaketa. Hautagaiek dituzten curriculum-merezimenduak eta ikerketa-lerro bat gidatzeko duten gaitasuna baloratzen dira, baita haien esperientzia zientifiko eta profesionala eta egindako ibilbidean izan duten independentzia ere. Alderdi hauek ebaluatzen dira beste merezimendu batzuen artean: egindako ekarpen zientifikoak, nazioarteko jardueretan izandako parte-hartzea eta lidergorako gaitasuna.
Azken deialdietan, doktoretza ondoko ikertzailearentzako 5 urteko kontratu bidez gauzatu dira laguntzak, bi fasetan: lehenbiziko faseak hiru urteko iraupena du, eta bigarrenak bi urtekoa. Azken fase horretan, ikertzailea bere jarduera zientifiko-teknikoaren ebaluazio batera aurkezten ahal da, zeina R3 ikertzaile (ikertzaile finkatua) izateko irizpideak aintzat hartuta egiten baita. Gainera, pertsona horiek laguntza bat dute beren ikerketa-jarduerak gauzatzearekin lotutako gastuak ordaintzeko.