19 herrialdetako 157 ikasle atzerritarrek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) eginen dute 2023-2024 ikasturteko udaberriko seihilekoa, erakunde akademikoak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko bost programetakoren batean. Duela gutxi, ikasle horiei ongietorria egiteko jardunaldia egin du Unibertsitateak; jardunaldi horietan ikasleei Iruñeko egonaldirako informazio praktikoa eskaintzen zaie. Bigarren seihilekoa unibertsitatean emanen duten atzerriko 157 ikasleez gain, badira beste 68 ikasle ere, NUPera lehenbiziko seihilekoan ikasturte osorako etorriak.
Gainera, Buddy programan parte hartzen duten NUPeko ikasleek laguntza emanen diete etorri berriei. Harrera ekimen horren bidez kanpoko ikasleei laguntza ematen zaie dela Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzeko, dela beste zenbait kontutarako, hala nola bizilekua bilatzeko eta zenbait tramite egiteko.
Ongietorria egiteko jardunaldi horren barnean, Unibertsitateko Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzak koordinatuta, Unibertsitatea ezagutzeko bisita gidatu bat ere egiten zaie ikasleei Iruñeko Erasmus Elkartearekin lankidetzan, eta informazio hitzaldi batzuk ematen zaizkie NUPen egin daitezkeen ikasketei eta kultur eta kirol jarduerei buruz. Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian espainierari buruzko astebeteko ikastaro trinkoa eta doakoa egiteko aukera ere badute.
Programak eta herrialdeak
Seihileko honetan NUPen sartu diren nazioarteko ikasleak herrialde hauetakoak dira: Alemania, Argentina, Austria, Azerbaijan, Txile, Kolonbia, Ekuador, El Salvador, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Herbehereak, Hungaria, Italia, Txekiar Errepublika, Mexiko, Peru, Portugal, Errumania eta Turkia.
Programa motaren arabera sailkaturik, 85 ikasle Erasmus+ programakoak dira (Europako eta Europar Batasuneko beste herrialde elkartu batzuetako ikasleekin trukea egiteko); beste 44 ikasle Palafox programarekin etorriko dira NUPera (Latinoamerikarekin trukea egiteko); 15 ikasle ISEP USA programaren bidez; 12 unibertsitateen arteko aldebiko hitzarmenen bidez; eta ikasle bat ikasle bisitari moduan. Horretaz gain, beste ikasle bat SICUE Espainiako mugikortasuneko programarekin etorriko da NUPera.