Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Graduko hiru ikaslek kontu bat ireki dute Instagramen eta webgune bat diseinatu dute “Iruñean inoiz izan den komunitate unibertsitario handiena sortzeko, hau da, hiru unibertsitate hauetako ikasleentzat: NUP, Nafarroako Unibertsitatea eta UHUN”. Izan ere, @pamplona_universitaria kontuak eta www.pamplonauniversitaria.com webguneak informazioa, zozketak, eskaintzak, planak eta entretenimendua eskaintzen dizkiote 25.000 bat ikasleri “unibertsitateko esperientzia ahalik eta gehien aprobetxa dezaten”.
Javier Ezcurdia Ruiz, Joseba Pérez Muro eta Kevin Procel Salinas ikasleek egin dute proiektua, Ingeniaritza Telematikoko Proiektuak izeneko irakasgaian. Eduardo Magaña Lizarrondo dute irakaslea, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko katedradun eta Smart Cities Institutuko ikertzailea (ISC).
Informazio guztia, kanal bakarrean
“Graduko ikasketak egiten ari ginenean, ohartu ginen kanal bat falta zela, eskaintza, plan, ikasleku eta gaueko aisialdiko aukerei buruzko informazio guztia bilduko zuena —esan du Javier Ezcurdiak—. Hala sortu zen Instagrameko kontu bat sortzeko ideia, eta, bi hilabete eskasean, ia 2.000 jarraitzaile lortu ditugu. Horri esker, zozketetan parte hartu eta eskaintzez gozatzen dute ikasleek, eta unibertsitateetan gertatzen denaren berri izaten dute”.
Kanalaren egileen esanean, argitaratzen duten informazioa “egunkarietan, eskaintzen webguneetan, gazte txartelaren guneetan eta sare sozialetan” eskuratzen dute. “Bestalde, kolaborazioak egiten ditugu ostatu eta jatetxeekin gure kanalean eskaintzak eta gomendioak egiteko”, erantsi du Kevin Procelek.
“Kontuak nolabaiteko oreka lortu du mota bateko eta besteko argitalpenen artean; hasieratik bilatzen genuen hori: batetik, aisialdiari buruzko albisteak argitaratzen ditugu, zozketak eta kolaborazioak taberna zein diskotekekin, txangoak eta deskontuak; bestetik, unibertsitateei buruzko informazioa, adibidez liburutegien ordutegiak, ikasteko aholkuak, karpa unibertsitarioa eta unibertsitarioei egindako elkarrizketak”, esan du azkenik Joseba Pérez Murok.