Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ekitaldi bat egin du ikasturte honetan graduko eta masterreko delegatuei ongietorria egiteko, eta, halaber, joan den ikasturtean lan hori egin zuten ikasleen lana aitortzeko. Unibertsitateko eskola eta fakultate guztietako berrogeita hamar bat ikasle egon ziren ekitaldian. Agintari akademikoen aldetik, honako hauek bertaratu ziren: Ramón Gonzalo errektorea, Cristina Bayona Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea eta Ritxar Arlegi Ikasleen Arloko zuzendaria. Ikasleen Kontseiluaren ordezkari batzuk ere izan ziren.
Ekitaldian, ikaskideen ordezkaritza egitea zer garrantzizkoa den azaldu zitzaien ikasleei, baita zer-nolako erantzukizuna dakarren ere. Halaber, eskerrak eman zitzaizkien lan hori eskuzabaltasun osoz egiteagatik.
Delegatuak errektorearekin, Ikasleen Gaietarako errektoreordearekin eta Ikasleen Arloko zuzendariarekin, NUPeko Arrosadiko campusean.
Graduko delegatuak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikasleen Kontseiluko kideak dira. Organo hori ikasleen eztabaida-, kontsulta- eta ordezkaritza-organoa da, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzaren mendekoa. Delegatuez gain, ikasleek Klaustrorako aukeratu dituzten kideek ere osatzen dute Kontseilua.
Delegatuen lana Unibertsitateko bizitzan
Delegatuek oso lan garrantzizkoa egiten dute Unibertsitatearen barruan, ikasleek horien bidez hartzen baitute parte sailetako eta ikastegietako eguneroko bizitza akademikoan. Horretaz gain, laguntza ematen dute ikasleen eta irakasleen zein Unibertsitateko beste organo batzuen arteko harremanak hobeak izan daitezen.
Beren lana talde bakoitzeko ikasleak irakasleen, sailen eta ikastegien aurrean ordezkatzea da. Horretarako, proposamenak, eskaerak eta kexak aurkezten dituzte, halakorik badago. Gainera, horretarako arrazoiak daudenean, ikasleek Unibertsitateko gobernu organoetan dauzkaten ordezkariei jakinarazten dizkiete kexak. Horretaz gain, ikasleen eta NUPeko organoen arteko harremana egokia izateko beharrezkoak diren komunikazioak jakinarazteko ardura dute. Asmo horrekin, ikaskideei informazio bileretarako deialdiak egiten dizkiete.
Egitekoen artean, beste hauek ere badaude: Unibertsitatearen helburuen garapena eta kalitatea lortzen laguntzea, beren karguari dagozkion egitekoak betetzen laguntzeko egiten diren bileretara joatea, eta ordezkaritza-lana egoki betetzeko beharrezkoak diren gainerako lan guztiak egitea. Delegatuak sufragio libre, pertsonal, berdin eta isilpekoaren bidez aukeratzen dira, eta ikasle bakoitzak ikasmaila bakarrean eman dezake botoa; matrikulatutako irakasgai gehien daukan horretan, hain zuzen.