Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Psikologiako Graduko ikasleek nerabezaroari buruzko podcast bat sortu dute, "Pubercast: partiendo el pavo" izenekoa. Hamaika saio grabatu dituzte dagoeneko, eta bizitzako etapa horretako gai garrantzitsuenak jorratzen dituzte, hala nola osasun mentala, eskolako jazarpena, identitate sexualaren esplorazioa, adikzioen prebentzioa eta pornografiaren inpaktua. Informazioa eta baliabide praktikoak eskaintzen dizkie nerabeei, haien familietako kideei eta hezitzaileei. Audioak doan aditzeko moduan daude Spotify, Amazon Music, Google Podcasts, Apple Podcasts eta iVoox plataformetan.

zoom Nerabezaroari buruzko podcasta egin duten ikasleak, NUPeko Psikologiako Gradukoak.

Nerabezaroari buruzko podcasta egin duten ikasleak, NUPeko Psikologiako Gradukoak.

Podcasta egin duten ikasleak, hasi gidoia idaztetik eta lokuziora arte, Garapenaren Psikologia Nerabezaroan eta Helduaroan izeneko irakasgaia egiten ari dira, eta Nuria Carcavilla González Osasun Zientzien Saileko irakasle elkartua dute eskola-emaile bigarren ikasmailan.

“Nerabeentzat, haien familiakoentzat eta hezitzaileentzat garrantzitsuak diren gaiak jorratzen ditu podcastak, eta ikuspegi informatua eskaintzen du garapenaren psikologiaren arlotik –dio Nuria Carcavillak–. Izan ere, gaur egun nerabeek nolako garapena duten ulertzeko eta haiei laguntzeko funtsezkoak diren arloetan barneratzen da. Informazio baliotsua eta baliabide praktikoak eskaini nahi ditugu atal guztietan”.

Ikasleen trebetasunak

Irakaslearen ustez, “funtsezkoa da” gisa horretako proiektuak sartzea irakaskuntza berritzeko. “Ikasleen ikaskuntza-prozesua aberasteaz gain, aukera ematen diete etorkizun profesionalerako oinarrizko trebetasunak garatzeko. Horrelako ekimenen bidez, komunikazio eraginkorra, edukiak aurkezteko sormena eta antolatzeko eta plangintza egiteko gaitasunak indartzen dira”, esan du.

Haren ustez, irakaskuntza-berrikuntzako halako proiektuek ezagupenak lortzeko baino gehiagorako balio dute. “Ikasleak beren ikaskuntza-prozesuan aktiboki parte hartzera bultzatzen ditu, eta horrek, aldi berean, motibazioa eta irakasgaiarekiko konpromisoa hobetzeko balio du nabarmen –adierazi du Nuria Carcavillak–. Pubercast-en kasuan, zehazki, ohartu nintzen nire ikasleek kontzeptu teorikoak aplikatu ez ezik inplikazio, erantzukizun eta sormen handia erabili zituztela saioak produzitzeko prozesuan. Gaur egungo gaiak landuz eta psikologia modu praktikoan aplikatuz sendotu egiten da ikasleen prestakuntza integrala, eta lagungarria zaie hori gerora izanen dituzten erronka profesional eta sozialetarako prestatzeko”.