Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) plan bat jarri du abian nekazaritzako praktiketarako eta esperimentaziorako etxaldean detektatu dituzten espezie inbaditzaileekiko problemak minimizatzeko eta izurriteen kontrol biologikoa egiteko. Iruñeko Arrosadiko campuseko etxalde hori irakaskuntzarako eta ikerkuntzarako erabiltzen du Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIBGMET), eta bertan, plan horren bidez, NUPek harrapari naturalen presentzia sustatuko du hegazti harraparientzako ehiza-haga batzuk jarriz, baita habia kaxa batzuk ere, hegaztiok kume gehiago izan ditzaten. Ekimena Ilundain-Haritz Berri Fundazioaren “Aterpeak” izeneko taldeak garatu du bi erakundeen arteko hitzarmenaren barrenean.
Izurriteen kontrol biologikoaren bidez, harrapariak erabiltzen dira beste izaki bizidun baten populazioak kontrolatzeko. Helburua izurriteak laboreentzat kaltegabeak diren etsai naturalen bidez kontrolatzea da. Harrapari naturalak erabiltzeak abantailak ditu ohiko metodoen aldean –produktu kimikoen erabileran oinarritzen dira–, besteak beste biodibertsitatea sustatzen baitu. Horregatik, ekimen honetan, Iruñerriko berezko espezieen presentzia areagotuko duten pausaleku eta habia kaxa batzuk jarriko dira.
Zehazki, sei habia kaxa jarriko dira belatz gorriarentzat, hontz zuriarentzat eta Europako mozoloarentzat, eta hegaztiak pausatzeko hamabost haga, hamabi eta hamasei zentimetro arteko diametroa dutenak. Azkenik, sastrakak kendu eta harri pila batzuk jarriko dira, haien ugalketa errazteko. Hegazti horiei esker, untxi eta lursagu gutxiago egonen dira.
Ilundain-Haritz Berri Fundazioaren prestakuntza-programetako ikasleek egur egiaztatuz eraiki dituzte habia kutxok, eta natura-ingurunean epe luzera erabiltzeko tratatu dituzte, British Trust for Ornithology (BTO) eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) erakundeek emandako diseinuei eta neurriei jarraikiz.
Habia kaxen eta hagen ikuskapena
Halaber, planaren arabera, aldian-aldian habia kaxak ikuskatuko dira, egiaztatzeko ugalketa-garaian ez ezik neguan ere okupatuak daudela babesleku gisa. Harrapakinen hondakinek, hala nola ileak, lumek, elikagai berrahoratuek edo gorotzek, hegazti harrapariak habia kutxetatik igaroak direla adierazten dute. Eta harrapariek pausatzeko ezarritako hagek ere haiek erabili izana frogatzen duten antzeko hondakinak izan ohi dituzte; beraz, hagen balorazioa ere eginen da, urte osoan zehar eraginkorrak izan ote diren aztertzeko.
Nekazaritzako praktiketarako eta esperimentaziorako etxaldeak, Sario eraikinaren atzealdean dagoenak, 300.000 metro karratu baino gehixeago hartzen ditu, eta 1996tik dago martxan. Hogeita hamar hektarea horiek –berrogeita hamar futbol-zelaik adinako hedadura dute, guztiak ere urezta daitezkeen lurrak– tunelak, berotegiak, lorategiak eta instalazio osagarriak ere badituzte. Han, aire zabaleko soroetan sagarrondoak, udareondoak, gereziondoak, olibondoak, mahastiak eta zerealak hazten dira.