“Yo quiero ser científica” antzezlana garai guztietako emakume zientzialarien bizitza gogora ekartzeko Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait irakaslek egindako antzezlan dibulgatibo bat da, eta bi pertsonaia berri ditu: Margarita Salas biokimikari espainiarra (1938-2019), Nora Millor Muruzábalek antzeztua, eta Margaret Hamilton matematikari eta ingeniari informatiko estatubatuarra (1936an jaioa), Amalia Ortiz Nicolásek antzeztua. Hala, dagoeneko hamaika dira antzezlan horretan ari diren NUPeko ikertzaileak. Ikertzaile horiek berek idatzi dute antzezlana, eta zientzialari historiko bana interpretatzen dute. Antzezlanak ikusgarritasuna eman nahi die emakume zientzialariei, batetik, zientziaren historiaren parte ezezagun bat gogora ekartzeko, eta, bestetik, neska gazteak zientziaren eta teknologiaren arloko emakume gailenekin identifika daitezen, eta inspirazio iturri gisa har ditzaten. Horregatik, emanaldiak 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat dira bereziki, mota orotako publikoari irekita egon arren.
Ezkerretik eskuinera: Amalia Ortiz (Margaret Hamilton), Silvia Díaz (Hedy Lamarr), Alicia Martínez (Sofia Kovalévskaya), Patricia Aranguren (Marie Sklodowska-Curie), Idoia San Martín (Edith Clarke), Nora Millor (Margarita Salas), Gurutze Pérez Artieda (Maria Sibylla Merian), Leyre Catalán (Hipatia Alexandriakoa), Edurne Barrenechea (Ada Byron) eta Aránzazu Jurío (Klara Von Neumann). Marisol Gómez (Emmy Noëther) falta da.
Hauek dira antzezlanean aritzen diren ikertzaileak: Patricia Aranguren Garacochea (Industria Ingeniaritzan doktorea), Edurne Barrenechea Tartas (Informatika Ingeniaritzan doktorea), Leyre Catalán Ros (Industria Ingeniaritzan doktorea), Silvia Díaz Lucas (Telekomunikazio Ingeniaritzan doktorea), Marisol Gómez Fernández (Matematikan doktorea), Aránzazu Jurío Munárriz (Ingeniaritza Informatikoan doktorea), Alicia Martínez Ramírez (Telekomunikazio Ingeniaritzan doktorea), Nora Millor Muruzábal (Telekomunikazio Ingeniaritzan doktorea), Amalia Ortiz Nicolás (Ingeniaritza Informatikoan doktorea), Gurutze Pérez Artieda (Industria Ingeniaritzan doktorea) eta Idoia San Martín Biurrun (Industria Ingeniaritzan doktorea). Denek (batek izan ezik) NUPeko sei ikerketa-institutuetako bitan egiten dute lan: Smart Cities Institutuan (ISC) eta Material Aurreratuen Institutuan (INAMAT2).
Garai guztietako zientzialariak
Antzezle bakoitzak zientzialari hauetako bat antzezten du: Hipatia Alexandriakoa, matematikaria, astronomoa eta filosofoa (IV.-V. mendeak); Maria Sibylla Merian, entomologoa eta margolaria (1647-1717); Ada Lovelace (Ada Byron izenaz ere ezaguna), matematikaria eta lehen informatikaria (1815-1852); Sofia Kovalévskaya, matematikaria eta astronomoa (1850-1891); Marie Sklodowska-Curie, kimikaria eta fisikaria (1867-1934); Emmy Noëther, matematikaria (1882-1935); Edith Clarke, ingeniari elektrikoa (1883-1959); Klara Von Neumann, informatikaria (1911-1963); eta Hedy Lamarr, telekomunikazio ingeniaria (1914-2000); gehi arestian aipatutako Margarita Salas eta Margaret Hamilton.
Antzezpenak ikasturtean zehar egiten dira batez ere, Arrosadiko campusean, eta Nafarroako Gobernuaren eta Ingeteam enpresaren babesa dute. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunea .