Joan eduki nagusira

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) irabazi du Unibertsitateko Euskarazko X. Eztabaida Lehiaketa, joan den larunbatean, azaroak 11, Foru Parlamentuaren Iruñeko egoitzan egindako finalean. Mondragon Unibertsitateak bigarren postua lortu zuen. Hau izan zen lehiaketaren eztabaidagaia: ea zenbait erabaki giza adimenaren esku utzi behar ote diren eta ez adimen artifizialaren esku. Hizlari hoberenaren aipamena Maddi Zuloaga Camarero Mondragon Unibertsitateko ikasleak lortu zuen.

zoom Finalistak, epaileak eta agintariak, Unibertsitateko Euskarazko X. Eztabaida Lehiaketaren finala amaitu ondoren, Nafarroako Parlamentuan.

Finalistak, epaileak eta agintariak, Unibertsitateko Euskarazko X. Eztabaida Lehiaketaren finala amaitu ondoren, Nafarroako Parlamentuan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak antolatu du lehiaketa, Nafarroako Parlamentuarekin eta Eusko Legebiltzarrarekin lankidetzan. 

EHUko taldea hiru ikasle hauek osatu zuten: Marcela Justiniano Soria, Esther Márquez Gascón eta Aritz Piris Postigo. Mondragon Unibertsitatekoa, berriz, lau lagun hauek: Malen González Rodríguez, Unai López Tomé, Unax Martínez Andrés eta Maddi Zuloaga Camarero. 

Denbora tasatuak eztabaidarako

Taldeetako unibertsitarioek denbora tasatuak izan zituzten beren esku-hartzeak egiteko. Aldeko eta kontrako txandetan hiru minutu izan zituzten beren azalpenak egiteko. Gainera, bost minutuko bi txanda izan zituzten aurka egiteko, eta hiru minutu gehiago ondorioetarako. Talde bakoitzak defendatu behar zuen jarrera aldez aurretik egindako zozketa baten bidez esleitu zen.

Epaileek saria emateko orduan irizpide jakin batzuk izan zituzten kontuan, hala nola argudioen kalitatea, eztabaidagaiaren inguruko ikerketa, aurka egiteko gaitasuna, denboraren eta espazioaren erabilera, talde lana eta hizkera egokia.

zoom Maddi Zuloaga Camarero, estudiante de Mondragon Unibertsitatea, premiada por su oratoria.

Maddi Zuloaga Camarero, Mondragon Unibertsitateko ikaslea, bere oratoriagatik saritua.

Unai Hualde Iglesias Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Roldán Jimeno Aranguren NUPeko idazkari nagusia arduratu ziren unibertsitate arteko eztabaida-lehiaketaren edizio honetako diplomak banatzeaz. Lehiaketa hori urtero egiten da, txandaka Nafarroako Parlamentuaren eta Eusko Legebiltzarraren egoitzetan.