Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hilabete honetan burutuko ditu Iruñeko Arrosadiko campuseko eraikinetan 7.000 bat panel fotovoltaiko jartzeko obrak, eta, hala, abenduan, horiek sare elektrikora konektatzeko lanak amaitu, eta martxan jartzen ahalko dira. Jarduera hori “UPNA Green Smart & Sustainable Campus” proiektuaren parte da. Proiektu horrek campus jasangarri eta adimenduna bihurtuko du NUP, % 30 baino gehiago murriztuko baitu berriztagarriak ez diren iturrietatik datorren energia primarioaren kontsumoa. Juan Cruz Cigudosa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proiektua bisitatu du gaur, azaroak 10, ostirala, Ramón Gonzalo errektorearekin batera.
Bisitan, errektorearekin eta kontseilariarekin batera, bertan izan dira beste hauek ere: NUPeko Smart Cities Institutuko ikertzaileak (ISC), Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko teknikariak —sistema martxan jartzen lagundu dute—, enpresa esleipendunen ordezkariak, Ana Burusco Juandeaburre Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko zuzendari nagusia eta Lourdes García Roncal Unibertsitateko zerbitzuko zuzendaria.


NUPeko, Nafarroako Gobernuko eta proiektuan inplikatutako enpresetako ordezkariak Ikasgelategiaren estalkian, eguzki-plaken ondoan.
Proiektuak 3,8 milioi euroko aurrekontua du jarduketak guztiak gauzatzeko, eta parterik handiena (3,1 milioi) Europar Batasuneko Next Generation Funtsen Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatua dago, Eraikin Publikoak Berritzeko Planaren barrenean. Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak transferitu dizkio NUPi Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioaren funtsak. Plaka fotovoltaikoez gain, proiektu horrek aurreikusten du 2024an baterien sistema bat jartzea energia elektriko soberakina metatzeko.
GE Asociados enpresak egin zuen proiektua, eta bera arduratu da obraren zuzendaritzaz. Gainera, EOSOL enpresa ari da instalazioa monitorizatzen eta kontrolatzen. Instalazio fotovoltaikoak instalatzeko obrak beste enpresa nafar bati esleitu zitzaizkion, MB Solar izenekoari (Metallbauen Solar SL), eta instalazio fotovoltaikoak banaketa-sarera konektatzeko goi-tentsioko lanak, aldiz, Solar UPNA aldi baterako enpresa-elkarteak hartu ditu bere gain —Montajes Eléctricos Alba SAL, Montajes Eléctricos NOI SAL eta Telman Talleres Eléctricos enpresek osatua—. Halaber, modulu fotovoltaikoak EXIOM enpresarenak dira, eta inbertsore fotovoltaikoak, berriz, Ingeteam eta SMA enpresenak. Esleipen horien guztizko zenbatekoa 2,25 milioi eurotik gorakoa izan zen (BEZik gabe).
14.000 metro koadro inguruko azalera eguzki-plakatan
Proiektuaren arabera, campuseko eraikinetan instalatuko diren modulu fotovoltaikoek 3,5 MW inguruko potentzia gorena erdietsiko dute, zeinek gutxi gorabehera 4 GWh-ko elektrizitate-sorkuntza (gigawatt-ordu) lortuko baitute urtean —web orri bat prestatzen ari dira hori guztia monitorizatzeko—. Sorkuntza horren % 75 baino gehiago campusean kontsumituko da, eta, horri esker, % 50 inguruko autokontsumo elektrikoa lortuko da. Azkenik, campusean kontsumitzen ez den energia, hau da, tamaina ertaineko 250 etxebizitza ingururen kontsumoaren kantitate baliokidea, sare elektrikora eramanen da.
Ekainean hasi ziren plakak instalatzen Arrosadiko campuseko eraikin guztietan, Liburutegian izan ezik (Ikasgelategia, instalazio orokorrak, kafetegia, jantokiak, tailerrak, Soforak, Errektoretza, Haginak, Pinuak, Olibondoak, Gorostiak, Gurbitzak, Magnoliak, Arteak eta Sario), bai eta kirol instalazioetan eta nekazaritzako praktiketarako eta esperimentaziorako etxaldean ere. Osotara 14.000 metro koadro inguruko azalera dute.
Alderdi teknologikoari dagokionez, NUPeko Smart Cities Institutuko (ISC) zenbait ikertzailek hartzen dute parte proiektuan: Pablo Sanchis Gúrpide, Alberto Berrueta Irigoyen, Leyre Catalán Ros, Alfredo Ursúa Rubio eta Julio Pascual Miqueleiz. Gainera, lankidetza estua izan da Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuarekin, zehazki Santiago Álvarez Folgueras zuzendariarekin, Miguel Berazaluce Gómez Mantentze Lanen Ataleko buruarekin eta José Luis Moneo Sánchez-Marco kudeaketariarekin.