Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Enpresa Familiarren Ikertzaileen Espainiako Elkarteak (SAFER) “Enpresa Familiarrari buruzko Ikerketako Aurrerapenak” (AINVEF 2023) jardunaldiak antolatu ditu. Azaroaren 16an eta 17an eginen dira, NUPeko Jeronimo de Ayanz eraikinean. Programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

NUPek Enpresa Familiarren Katedraren bidez antolatutako jardunaldiek bidea eman nahi dute enpresa familiarrei buruzko lanak azaltzeko eta haiei buruzko eztabaida sustatzeko. Udaberrian eta udan eginen dira gai horri buruzko kongresu gehienak, eta aste gutxi batzuen buruan bukatuko da epea kongresu horietara lanak bidaltzeko. Horregatik, jardunaldi hauek aukera aproposa dira halako lanen egileek hobekuntzak egin ditzaten azkeneko bertsioa kongresuetara bidali aurretik. 

zoom La UPNA.

La UPNA.

“Topaketa diziplina anitzekoa denez, gustura hartuko ditugu arlo bateko baino gehiagotako lanak (enpresen antolaketa, finantzak, zuzenbidea, psikologia, etab.)”, esan dute jardunaldien antolatzaileek. Aurten, gainera, saio berezi bat eskainiko zaio enpresa familiarren jasangarritasun alderdiei buruzko eztabaidari, “eta, beraz, oso egokiak izanen dira gai horri buruzko lanak” esan dute.

Lanen aurkezpenez gainera, hitzaldi bana emanen dute Cristina Cruzek (IE Business School) eta Josip Kotlarrek (Politecnico di Milano School of Management).

Bost gai multzotan sailkatuak daude lanak

Bost gai dituzte ardatz lanen aurkezpenek. Azaroaren 16an, honako hiru gai hauek jorratuko dituzte: enpresa familiarren jasangarritasun alderdiak; berrikuntza enpresa familiarretan; eta, azkenik, enpresa familiar latinoamerikarra. Lehenbiziko blokea Lucía Garcés Galdeano NUPeko irakasle eta Enpresa Familiarren Katedraren zuzendariak moderatuko du, eta halako enpresetan jasangarritasunaren alde egiten diren ekintzei eta Garapen Jasangarriaren Helburuekin (GJH) lotutako estrategiei buruzko lanak azalduko dituzte. Bigarrenean, José Carlos Casillas arituko da moderatzaile, eta gai hauen inguruko lanak aurkeztuko dituzte: prestakuntza estrategikoa negozio ereduan berrikuntza txertatzeko aurrekari gisa, tarteko arduradunen portaera eta berrikuntza eta hazkuntza enpresetan. Azkenik, hirugarren blokea Ana Lucía Caicedok gidatuko du, eta bertan Latinoamerikako enpresa familiarrak izanen dituzte hizpide. Zehazki, Potosiko hotelen sektoreko enpresa familiarren eraldaketa digitala azalduko dute, eta halako enpresen inbertsio zorroen portaeraren ebaluazioa eginen dute.

Hilaren 17an, beste bi gai hauen inguruko lanak aurkeztuko dituzte: enpresa familiarren ondoriotasuna eta erabaki estrategikoak. Lehenbizikoa María Concepción López Fernándezek moderatuko du; bigarrena, berriz, Martin Larraza NUPeko katedradunak. Gero, Sevillako Unibertsitateko ikertzaile José Carlos Casillasek hitzaldi labur bat emanen du SAFERek garatutako metodologia bati buruz, zeinak Sabi softwarean oinarrituta enpresa familiarren pisua zenbatesteko balio baitu. Kongresua bukatu ondoren, Enpresa Familiarren Ikertzaileen Espainiako Elkartekoek batzar nagusia eginen dute.