Joan eduki nagusira

COVID-19aren itxialdian egunero, gutxienez ordubetez, intentsitate ertaineko edo biziko jarduera fisikoa egin zuten eskolaurreko haurrek neurri txikiagoan sentitzen dituzte lotsa, beldurrak, fobiak, tristura edo kezkak bizimodu sedentarioa egin zutenek baino. Hala ondorioztatu du Yesenia García Alonso (Iruñea, 1993) Haur Hezkuntzako Irakasletzako graduatuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian. Haren bidez, ikergai izan zuen zer lotura dagoen Haur Hezkuntzako etapan dauden ikasleen egoera fisikoaren eta ohitura osasuntsu batzuen artean.

Doktoretza-tesi hori Navarrabiomeden egin du, NUPen eta Nafarroako Gobernuaren ikerketa biomedikoko zentroan, eta honako hauek izan ditu zuzendari: Mikel Izquierdo Redín, NUPeko katedradun eta Navarrabiomedeko Ariketa Fisikoaren, Osasunaren eta Bizi Kalitatearen Unitateko (E-FIT) ikertzaile nagusia; Alicia Alonso Martínez, NUPeko irakasle titular eta Jarduera Fisikoaren Nafarroako Behatokiko ikertzaile nagusia; eta Antonio García-Hermoso, Navarrabiomedeko Haur eta Gazteen Jarduera Fisikoaren Unitateko ikertzaile nagusia.

zoom Yesenia García Alonso, NUPeko doktore berria.

Yesenia García Alonso, NUPeko doktore berria.

Jarduera fisikoa eta loa

Doktoretza-tesiaren ondorioen arabera, COVID-19aren garaiko itxialdian Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) proposatutako gomendioak bete zituztenek izan zituzten osasun emaitza onenak Haur Hezkuntzako haurren artean, bai jarduera fisikoari bai loari dagokionez. Zehazki, OMEren gomendioa zen egunean gutxienez 180 minutuz egitea jarduera fisikoa (haien artean, gutxienez 60 minutuz intentsitate ertainean edo bizian), eta egunean hamar-hamahiru orduz egitea lo. OMEren aholkuei jarraitu zieten haurrek OMEren aholkuei jarraitu ez zietenek baino puntuazio baxuagoak lortu zituzten problema barneratuen kategorian; hau da, lotsa, beldur, fobia, tristura edo kezka gutxiago dituztela ikusi da. 

Gainera, Yesenia García Alonsok azaldu duenez, “itxialdiak ez du eraginik izan intentsitate ertaineko edo biziko jarduera fisikoan, hots, osasunarekin loturik dagoen horretan: eskolaurreko haurrek intentsitate ertaineko edo biziko jarduera fisiko gehiago egiten dute, sedentarioagoak dira eta ordu gutxiago egiten dute lo COVID-19aren pandemia aurretik baino”. “Jokabide horiek amaren portaerari lotuak daude, antza denez harekin pasatzen baitute denbora gehien eskolatik kanpo”, adierazi du doktoratu berriak. 

Doktoretza-tesi horren izenburua “Relación entre la condición física, indicadores de composición corporal y componentes de la actividad física en escolares españoles” da (“Egoera fisikoa, gorputz osaeraren adierazleak eta jarduera fisikoaren osagaiak Espainiako eskola-ikasleetan”), eta Eskolako Umeen Jarduera Fisikoaren Behatokia du oinarrian, zeina Ariketa Fisikoaren, Osasunaren eta Bizi Kalitatearen Unitatearen (E-FIT) epe luzeko ikerketa-proiektua baita, NUPek eta Navarrabiomedek garatua.

Curriculum laburra

Doktoretza-tesiaren egileak, Yesenia García Alonsok, Lanbide Heziketa ikasi zuen Nafarroako Hezitzaileen Eskolako Ikastetxe Integratuan, eta Haur Hezkuntzako goi mailako teknikari titulua lortu zuen 2015ean. Ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoan matrikulatu zen, eta, 2019rako, Haur Hezkuntzako Irakasletzako gisa graduatu zen, Gorputz Hezkuntzako aipamenarekin. Jarraian, Psikopedagogiako Masterra egin zuen Universitat Oberta de Catalunyan. 

Garcíak sei artikulu ditu argitaratuak nazioarteko aldizkari zientifikoetan egilekide gisa, eta bederatzi lan aurkeztu ditu estatuko eta nazioarteko zenbait kongresutan. Gaur egun, doktoretza ondoko orientazio aldia egiten ari da Navarrabiomeden.