Joan eduki nagusira

Mirentxu Marín NUPeko Zuzenbide Saileko irakasleak “Desigualdad por razón de sexo y género en el deporte profesional” liburua argitaratu berri du Colex etxearen eskutik, “Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidearen gaur egungo gaiak” bildumaren barnean. 

Liburuak, ikuspegi nagusiki juridiko batetik, emakumezko kirolari profesionalen egungo egoera aztertzen du bai kirol amateurrean bai profesionalean haien egoera gizonezkoenarekin alderatuta, eta genero estereotipoen analisia egiten du, zeinek gaur egun “gogor errotuta segitzen baitute arlo horretan”, egileak dioenez. Hala, azterlan horren helburu nagusia honako hau da: egoera horrek emakumezko kirolari profesionalen lan eremuan eta lan eskubideetan duen eraginari behatzea, batez ere ordainsarien desparekotasunari dagokionez (gai horri buruzkoa da lanaren parterik handiena). 

zoom Mirentxu Marín, NUPen.

Mirentxu Marín, NUPen.

“Gaia ikuspegi kritikotik aztertzen da, ahalegina eginez kirol profesionalaren ikuspegi eta espezialitatetik bertatik datuak eman eta araudia eta jurisprudentzia aztertzeko, gaiari buruzko konturik eztabaidagarrienak planteatzearren eta sektore produktibo horretan tratu-berdintasunaren alde aurrera egitea ahalbidetzen duen informazioa ematearren, azkenaldian argi ikusi baita sektore horrek eragin handia duela gure gizartean”, zehaztu du egileak. “Azken urteotan, zenbait araudi promulgatu dira, baita hainbat ekintza abiarazi ere lan ingurunean gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorra lortzeko —adierazi du irakasleak—. Hala ere, arlo horretan sexu- eta genero-desparekotasunak handiak dira oraindik ere. Desparekotasun horiek are handiagoak dira kirol profesionalaren esparruan”, erantsi du.

Mirentxu Marín Maloren CV laburra

Mirentxu Marín Malo Lan Harremanetan eta Giza Baliabideetan graduatua da NUPen, eta Lan Arriskuen Prebentzioko Masterra egin zuen unibertsitate horretan bertan, baita 2017an doktoretza-tesia defendatu ere: “La prevención del consumo de alcohol en el medio laboral. Obligaciones empresariales y medidas preventivas”. Lan arriskuen prebentzioko teknikari eta arlo horretako aholkulari gisa, Iruñerriko laneko aholkularitza-enpresa batzuetan aritu da, baita zenbait enpresatako giza baliabideetako departamentuetan ere. 

Gaur egun, Mirentxu Marín Malok irakasle dihardu Zuzenbideko Graduan eta Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Graduan, baita Nafarroako Unibertsitate Publikoko zenbait master eta titulu berekitan ere. “Lanaren Zuzenbidea” ikerketa-taldeko kidea da.