1000 lagunek baino gehiagok eman dute izena Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatutako Enpleguari eta Ekintzailetzari buruzko XVI. Topaketan parte hartzeko; ekitaldia gaur izanen da, urriak 25, asteazkena, eta ikasle eta tituludunen enplegagarritasuna hobetzea eta ekintzailetza sustatzea izanen du helburu. Hain justu, egunean zehar ikasle eta tituludunek aukera izanen dute sektore pribatuko eta publikoko 70 bat enpresarekin harremana izateko, eta baita prestatutako jardueretan parte hartzeko ere, hala nola taldekako talentu jokoetan. Bertan izena eman dutenen artean, gainera, 100 euroko 30 opari bonu zozketatuko dira.
Topaketa Nafarroa Arena pabiloian egin da, 09:30etik 14:30era eta 15:30etik 18:30era. Gaur goizean egin dute irekiera-ekitaldia Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak, María Chivite Nafarroako presidenteak, Iosune Pascual Unibertsitate-Gizarte Fundazioko zuzendari kudeatzaileak eta Rubén Marcos Romeo Santander Bankuko (erakunde finantzatzailea) Aragoiko, Nafarroako eta Errioxako Lurraldeko Banku Instituzionaleko zuzendariak. Ekitaldi horretan izan dira, halaber, Ingeteam eta Sungrow entitate babesleak; lehenbizikoa bere Pertsonen Saileko Ana Isabel Eguillor zuzendariak ordezkatu du. Topaketa “Nafar Lansare - Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin (SNE-NL)” elkarlanean antolatu da.
Aipatutako guztiak ez ezik, bertan izan dira Cristina Bayona NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea, Juan Cruz Cigudosa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko kontseilaria eta Miriam Martón SNE-NLko zuzendari kudeatzailea ere.
Topaketaren egitaraua
Topaketan, parte-hartzaileek aukera dute standak bisitatu eta enpresetako langile-hautatzaileekin elkarrizketa espresak egiteko, baita zenbait jardueratan parte hartzeko ere. Jarduera horien adibide bat dira Talentuaren Jokoak, Nafarroako Rural Kutxak babestuak, zeinek aukera ematen baitute erronka batzuei taldekako soluzioa bilatzeko, eta, sari gisa, Europako ezusteko destino batera bidaia bat lortzeko.
Topaketan, gainera, azalduko da osasunaren eta hezkuntzaren arloan zer aukera dauden enplegu publikorako, baita norberaren konturako lanean aritzeak zer aukera ematen dituen ere. Era berean, Nafarroako enpresetako nazioarteko talentuari buruzko hitzaldi bat emanen da, eta SNE-NLrekiko lankidetzari buruzko tailer praktiko bat, profesionalei zuzendua.
Topaketa egiten den aldi berean Nafarroako Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak antolatutako “Heldu den mundua” zikloa izanen da. Bertan, sei ikertzailek 10 minutuko hitzaldi laburretan beren ikuspegia azalduko dute osasunari, zoriontasunari, nekazaritzako elikadurari edo garunaren funtzionamenduari buruz.
Enpresa eta erakunde kolaboratzaileak
Aipatutako babesleez gain, enpresa eta erakunde hauek ere laguntza ematen dute enpleguari buruzko topaketa hau antolatzeko: Acciona, Array, Azkoyen Group, Nafarroako Rural Kutxa, Comantur, CYC, Eosol, Exkal, EY, Florette, AN Taldea, Hydro, Laboral Kutxa, Mondragon korporazioa, Schneider Electric, Seidor nts, Sofidel, Timac Agro, Tracasa Instrumental eta Tracasa Global, Virto eta Zabala.
Ezkerretik eskuinera: Cristina Bayona (Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea), Javier Izcue (Sungrow), Rubén Marcos (Banco Santander), Ramón Gonzalo (NUPeko errektorea), María Chivite (Nafarroako lehendakaria), Juan Cruz Cigudosa (Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko kontseilaria), Miriam Martón (SNE-NL), Ana Isabel Eguillor (Ingeteam) eta Iosune Pascual (Unibertsitate-Gizarte Fundazioa).
Haietaz gain, topaketa hau Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzarekin lankidetzan antolatzen da, Pharus programaren barnean. NUP gizartera lotzeko plana da Pharus, eta, lankidetzako eta ezagutza partekatzeko jardueren bidez Nafarroaren aurrerabideari eta jasangarritasunari ekarpena egitea eta Nafarroako herritarren bizi kalitatea hobetzea du helburu.