Amado Alonso Literatur Kritikaren Nazioarteko XX. Sariaren epaimahaiak Pedro Charro Ayestarán idazleari (Iruñea, 1957) eman dio aurten saria, aho batez, “Humorismo. Ensayo sobre el humor literario” lanagatik. Amado Alonso Fundazioak egiten du urtero sariketa horren deialdia. Irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du, eta lana argitaratu eginen diote Valentziako Pre-textos argitaletxeak eta Amado Alonso Fundazioak berak lankidetzan. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Leringo Udalak osatua dago azken hori.
Pedro Charro Ayestarán idazle nafarra, Amado Alonso Literatur Kritikako Nazioarteko XX. Sariaren irabazlea.
Lan saridunean, idazleak gogoeta egiten du umoreak literaturan duen presentziari buruz hogeita lau kapitulu laburretan. Epaimahaikideek nabarmendu dute batetik “obraren berritasuna, kritika literarioan gutxi landu den gai bat jorratzen baitu”, , eta, bestetik, “egilearen estilo pertsonala, zeina lotua baitago saiakera genero literario gisa ulertzearekin”. “Bergsonen eta Freuden idazkietan inspiratuta —diote epaimahaikideek erabakian—, saiakeragileak gogoeta egiten du barreaz, graziaz, gauza komikoen baliabideez eta umoreari lotutako beste gai batzuei buruz. Besteak beste Wenceslao Fernández Flórez idazlea eta Jorge Ibargüengoitia mexikarra baliatzen ditu hari gidari gisa liburuko hausnarketetan, non idazle batzuek bizitzan duten jarrera gisa hartzen baita umorea”.
Egileari buruz
Pedro Charro Ayestaránek zenbait eleberri eta saiakera ditu idatziak; hala nola “Fin de fiesta. Crónica de una muerte en el encierro” (Leer-e, 2014), sanferminen fenomenoari buruzko saiakera; eta “RC, Responsabilidad Civil” (Playa de Ákaba, 2016) eta “Viaje a Fardelia” (MAR editores, 2018) eleberriak. Lehenbizikoak ETAren atentatu batean haur bat hil zenekoa kontatzen du, eta bigarrena alegiazko herrialde baterako bidaiaren narrazioa da . 2019an, "Diario de Hendaya" argitaratu zuen Ken argitaletxean, Unamunok mugako herri horretan egindako urratsei jarraitzen dien lana. Urtebete geroago, 2020an, "Crónica de un confinamiento" idatzi zuen, nahitaezko itxialdiko egun haien kronika.
Bestalde, antzezlan batzuk idatzi, eta idazketa-tailer batzuk ere gidatu ditu. Erretiroa hartu arte, abokatu gisa lan egin zuen, eta NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateko irakasle ere izan zen. Prentsako kolaboratzailea izaki, “Diario de Navarra” egunkariko iritzi zutabe bat idatzi du urte askoan.
Amado Alonso Fundazioa
Amado Alonso Fundazioa 2001ean sortu zen, Amado Alonsoren bizitza ezagutzera emateko, bai eta Nafarroako, Espainiako eta beste herrialde batzuetako arlo akademikoan eta sozialean hark izandako testuinguru historikoa ezagutarazteko ere. Amado Alonso literatura-kritikari nafarra Hizkuntzako eta Literaturako irakasle aritu zen Harvardeko Unibertsitatean (Estatu Batuak). Beste helburu batzuk ere baditu fundazioak: Espainiar Filologiaren, Espainieraren Didaktikaren eta Literatura-teoriaren eta -kritikaren esparruan Amado Alonsok egindako ekarpen zientifikoen gaurkotasuna aldarrikatzea; Amado Alonsoren eta haren lankide eta ikasleen lan ildoak eta espiritua ikertzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzea; eta idazleari buruzko dokumentazioa bil dadila sustatzea.
Sariketa 2002an hasi zenetik, hauek izan dira orain arteko irabazleak: M.ª Isabel López Martínez (2002), Gloria Estela González-Zenteno (2003), Ángel Pérez Martínez (2004), Miguel Zugasti Zugasti (2005), Josep María Rodríguez Cabrera (2006), Alberto Santamaría Fernández (2007), Magda Beatriz Lahoz de Klins (2009), Alejandro Bekes (2010), Mario Martín Gijón (2011), Toni Montesinos Gilbert (2012), Gabriel Insausti Herrero-Velarde (2014), Walter Cassara (2015), Álex Matas (2016), Miriam Moreno (2017), Marco Perilli (2018), Cristian Crusat (2019), Roberto Echavarren (2020) eta Andrés García Cerdán (2022).