Joan eduki nagusira

Nafarroako hogei ikastetxetako ehun bat ikaslek hartuko dute parte NUPek eta Parlamentuak antolatutako Batxilergoko XIV. Eztabaida Lehiaketan, urriaren 20an eta 21ean. Galdera honi erantzun beharko diote: Irakaskuntza presentziala al da metodorik egokiena Espainiako egungo hezkuntza-sisteman? Finala hilaren 21ean izanen da, 12:30ean, eta finalaurrekoa, goizago, toki berean. Lehiaketari buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

zoom Batxilergoko XIV. Eztabaida Lehiaketan parte hartuko duten zenbait ikasle, NUPen emandako prestakuntzan.

Batxilergoko XIV. Eztabaida Lehiaketan parte hartuko duten zenbait ikasle, NUPen emandako prestakuntzan.

Hona hemen lehiaketan parte hartuko duten ikastetxeen zerrenda: Hijas de Jesús ikastetxea, Miravalles-El Redín ikastetxea, Nuestra Señora del Huerto ikastetxea, San Ignacio ikastetxea, Santo Tomás Dominicas ikastetxea, Sagrado Corazón ikastetxea, Navarro Villoslada BHI, Monjardín Lizeoa, Calasanz Eskolapioak ikastetxea, Basoko BHI, Plaza de la Cruz BHI, San Cernin ikastetxea, Irabia-Izaga ikastetxea eta Santa Teresa de Jesús ikastetxea (Iruñekoak denak); Santa María la Real Maristas ikastetxea (Sarriguren), Luis Amigó ikastetxea (Mutiloa), Marqués de Villena BHI (Martzilla), Toki Ona BHI (Bera), Benjamín de Tudela BHI (Tutera) eta Paz de Ziganda Ikastola (Atarrabia).

Lehiaketari buruzko zalantzak argitu eta orientabidea jasotzearren, NUPen prestakuntza-saio batzuetan hartu zuten parte izena emandako ikasleek berriki.

Hain zuzen, ikasleek lehiatzen ikasteko ekitaldi bat da, Nafarroako ikastetxe publiko eta itunduetako Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleei zuzendua. Aukera ona da ikasleek zenbait trebetasun gara ditzaten, hala nola jendaurrean mintzatzea, taldean lan egitea, informazioa aztertzea edo argudioak ematea. Beren prestakuntza pertsonalerako interesgarriak izateaz gain, trebetasun horiek unibertsitateko graduko ikasketekin lotutako gaitasun orokor edo zeharkako zenbait osatzen dituzte. Eztabaida-lehiaketa NUPen eta Nafarroako Parlamentuaren arteko lankidetza-hitzarmenean jasotako jardueretako bat da.

Lehiaketaren nondik norakoak

Talde bakoitzak gutxienez hiru parte-hartzaile izanen ditu eta gehienez bost. Lehiaketan, jarrera jakin bat defendatu behar du talde bakoitzak, aldekoa edo kontrakoa, zeina zozketa bidez esleitzen baitzaio aldez aurretik. Txanda itxitan mintzatuko dira, eta sarrera bat, bi gezurtatze eta ondorio bat egin behar du talde bakoitzak hitza hartzeko txanda banatan.

zoom Óscar Orzaizek jendaurrean hizlari aritzeko teknikak nola hobetu azaldu zizkien parte-hartzaileei.

Óscar Orzaizek jendaurrean hizlari aritzeko teknikak nola hobetu azaldu zizkien parte-hartzaileei.

Unibertsitateko komunitateko zenbait kidez eta erakundeak berak gonbidatutako beste batzuez osatua egonen da epaimahaia, eta kideen kopurua bakoitia izanen da. Honako alderdi hauek baloratuko ditu: sarrera, gezurtatze eta ondoriorik hoberenak; taldearen jarrera eta adierazitakoaren ordena, argitasuna eta erraztasuna; gaiaz aritzeko segurtasuna eta gaia bera menderatzea; inprobisatzeko gaitasuna; hizkera egokia izatea diskurtsoari begira; erantzuteko arintasuna; naturaltasuna, adierazkortasuna eta kontaktu bisuala; eta beste taldearen baliabideak integratzea.