Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) doktoretza-tesia egiten ari diren 500 ikasleen % 26 nazioartekoak dira, eta iaz Unibertsitatean defendatu ziren 50 tesien % 66k nazioarteko aipamena zuten. Mercedes Sánchez Nafarroako Doktoretza Eskolako (NADOE) zuzendariaren arabera, NUPek orain arte ez du sekula hainbeste nazioarteko ikasle izan doktoretza egiten. Gainera, ikasturte honetan unibertsitatean egiten ari diren tesietatik 42 doktoretza industrialeko aipamenaren modalitatekoak dira.
NADOEren arabera, aurreko urteen aldean, gora egin du nazioarteko kotutoretzako erregimenean egindako doktoretza-tesien kopuruak. Orain arte, 5 tesi irakurri dira modalitate horretan (Italiako, Holandako, Txileko, Kolonbiako eta Frantziako zenbait unibertsitaterekin), eta modalitate horretako beste 6 ere garatzen ari dira (kasu honetan, Marokoko, Belgikako, Etiopiako, Brasileko eta Frantziako goi-mailako hezkuntzako zenbait erakunderekin batera).
Hain justu, NADOEk, Unibertsitatearen 2020-2023 aldirako V. Plan Estrategikoaren arabera, tutoretza-erregimeneko tesien kopurua handitu nahi du, lankidetza sustatuz, bai UNITA nazioarteko partzuergoaren esparruan, bai aldebiko hitzarmenen bidez. Tesi modalitate horrek esan nahi du lana bi unibertsitatetako edo gehiagotako doktoreek gainbegiratu behar dutela; horietako batek Espainiakoa izan behar du, eta gainerakoek atzerrikoak. Horrez gain, ikasleak gutxienez sei hilabeteko egonaldia egin behar du hitzarmenean sartzen diren unibertsitateetan.
Bestalde, nazioarteko aipamena egiteak esan nahi du tesiak baldintza batzuk bete behar dituela, besteak beste doktoretza egiten ari den ikasleak gutxienez hiru hilabeteko egonaldia egin behar duela atzerrian nahitaez, eta, gutxienez, ikerlanaren sarrera eta ondorioak gaztelania ez den eta komunikazio zientifikorako ohikoa den hizkuntzetako batean idatzi behar dituela.
Doktoretza industrialak
Bestalde, NADOEk adierazi duenez, ikasturte honetan inoiz baino jende gehiago egiten ari da doktoretza industrialeko aipamena, zehazki 42 (haietako bat Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren beka batekin eta 41 Nafarroako Gobernuaren laguntzei esker).
Orain arte aipamen hori lortu duten 10 tesi irakurri dira, besteak beste enpresa eta ikerketa-zentro hauen barnean egindakoak: Pentabiol, Urzante, NewMusicNow, CSIC, NavarraBiomed eta CENER. Haien artean daude NUPeko spin-offak ere, Bioinsectis kasu. “Oso datu positiboak dira, eta erakusten dute NUPek inplikazio handia duela eskualdeko garapenaren eta ikerketaren emaitzen transferentziaren arloan”, adierazi du Mercedes Sánchez García NADOEko zuzendariak.
Doktoretza industrialaren modalitatean, ikertzaileek gutxienez urtebete egon behar dute enpresa edo erakunde batean kontrataturik tesia egiten, eta horrek lan munduan sartzen laguntzen die.