Joan eduki nagusira

Alumni Españaren XXVII. topaketa urriaren 5ean eta 6an izanen da, elkarte horren urteko batzarrarekin batera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Bisitazioko Amen komentuan duen egoitzan eta Arrosadiko campusean, eta alumni direlakoek ezagutzaren transferentzian duten zeregina izanen du ardatz. Unibertsitateak berak sustatzen du ekitaldia, A3U-Alumni programaren bidez, bai eta Alumni España federazioak ere, zeinaren XX. urteurrena ospatzen baita aurten. Iruñeko Udala, Sage enpresa eta Casa Salinas dira ekitaldiaren laguntzaileak.

zoom Alumni Españaren lehendakaria, Antonio José Redondo, berriki NUPen egindako bilera baten ondoren. Ezkerretik eskuinera: Idoia Zabaleta Alumni Españaren lehendakariorde eta NUPeko irakaslea; Ramón Gonzalo errektorea; Antonio José Redondo Alumni Españaren lehendakaria; eta Cristina Bayona NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea.

Alumni Españaren lehendakaria, Antonio José Redondo, berriki NUPen egindako bilera baten ondoren. Ezkerretik eskuinera: Idoia Zabaleta Alumni Españaren lehendakariorde eta NUPeko irakaslea; Ramón Gonzalo errektorea; Antonio José Redondo Alumni Españaren lehendakaria; eta Cristina Bayona NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea.

Topaketa hasteko ekitaldia urriaren 5ean izanen da (osteguna), 17:00etan, eta bertan parte hartuko dute Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak, Javier Vidorreta Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren zuzendariak, Antonio José Redondo Alumni Españaren lehendakariak eta Ana Burusco Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko zuzendari nagusiak. Jarraian, hitzaldia emanen du Javier Vázquez Matilla NUPeko 2022ko Alumni Nabarmenaren saridunak.

Gero, alumnientzako sariak banatuko dira. Unibertsitatearen esparruan, Tomás Zamora Ros Murtziako Unibertsitateko Ikasle Ohien Elkartearen lehendakariaren lana nabarmenduko da. Enpresaren esparruan, Jesús Martín Sanz izanen da saritua, AEDHEren lehendakaria (Henaresko Korridoreko Enpresarien Elkartea). Azkenik, Alumni Españaren kudeaketa-kategorian, Carlos Gentil Gonzálezi eginen zaio omenaldia, Cádizko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren idazkari ohiari. Jardunaldia bukatzeko, Alumni Españaren XXVII. Batzar Nagusia eginen da.

Enplegagarritasuna eta alumniak, eta humanitateen eta zientziaren arteko sinergiak

Ostiralean, urriak 6, jardunaldiak Iruñeko Arrosadiko campusa izanen du kokaleku. Goizeko 10:00etan hasiko da, Nicolás García de los Salmones aretoan (Olibondoak eraikina), “alumniak eta enplegagarritasuna” hizpide izanen duen mahai-inguru batekin. Bertan, honako hauek hartuko dute parte: Esteban Morrás Andrés Veridasen lehendakari eta EHN/Acciona Energíaren sortzailea, José María Nyssen González Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionaleko (ANECA) Nazioartekotze eta Ikerketa Unitatekoa, Francisco Oliva Blázquez Sevillako Pablo Olavide Unibertsitateko errektorea eta, azkenik, Eva López Barrio Santiago de Compostelako Unibertsitateko Innovaria 8.3 programaren koordinatzailea. José María Coello de Portugal Martínez del Peral izanen da moderatzailea, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (UCM) Plangintzako, Koordinazioko eta Harreman Instituzionaletako errektoreordea.

Gero, Alumni Solidario ekimenaren arduradunek hitzarmen bana sinatuko dute Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearekin eta Gizakia Helburu elkartearekin. Horren ondoren, NUPeko Gizarte Kontseiluaren Gizarte eta Enpresa Foroaren lankidetzarekin, humanitateei, zientziari eta teknologiari buruzko bi elkarrizketa-mahai eginen dira jarraian. Lehenbizikoan, “Herritarrak eta profesionalak heldu den mundurako” izenekoan, Joan Subirats Humet Unibertsitateetako ministroak eta Daniel Innerarity Grau Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofiako katedradunak (Ikerbasque, EHU) hartuko dute parte. Begoña Pérez Eransus NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea izanen da moderatzailea.

Hurrengo mahai-inguruan, “Humanitateetako, arteetako, zientziako eta teknologiako prestakuntzaren balioa” izanen da gaia, eta honako hauek hartuko dute parte: Marina Garcés Mascareñas Kataluniako Unibertsitate Irekiko Filosofiako irakaslea, Juan Ignacio Pérez Iglesias Euskal Herriko Unibertsitateko Fisiologiako katedradun eta Jakiunderen lehendakaria, Teresa Catalán Sánchez konpositore eta NUPeko Gizarte Kontseiluko Batzorde Akademikoaren burua eta, azkenik, Eneko Sanz Pascual 2020ko NUPeko alumni nabarmena. Inmaculada Farran Blanch NUPeko Irakaskuntzako errektoreordeak moderatuko du solasaldia.

Alumni Españari buruz

Alumni Españak 45 erakunde bazkide ditu –haien artean dago NUP, A3U-Alumni programaren bidez ordezkatua–, eta erakunde bazkideen arteko harremana sustatzea eta bideratzea du helburu, haien arteko batasuna eta lankidetza bultzatuz. Era berean, elkarrekin hausnartzeko eta sektorearen aldeko erabakiak hartzeko tresna izan nahi du, baita sektorea ordezkatzen duen ahotsa ere administrazio publikoen, autonomikoen, estatukoen eta europarren aurrean. Elkartearen lehendakariordea Idoya Zabaleta NUPeko irakaslea da.

Federazioaren ordezkariek azaltzen duten bezala, Alumni Españak, bere Alumni erakundeen bitartez, unibertsitateei laguntza eman nahi die haien misio nagusietako bat betetzen, hots, ezagutza transferitzen, bide horretatik ekarpena egiteko gizartearen garapenari eta aurrerabideari.

Misio hori lortzeko, Alumni Españak zenbait zerbitzu eskaintzen dizkie kide dituen elkarte eta erakundeei, hala nola topaketak, mintegiak edo mahai-inguruak antolatzea, nazionalak zein nazioartekoak. Era berean, akordioak egiten ditu Alumni Sarea osatzen dutenentzat onuragarriak diren erakunde publiko nahiz pribatuekin, sare horren kideen autonomia errespetatuz betiere.