Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Landare Fisiologia eta Nekazaritzako Biologia taldeko zenbait ikertzailek PalmerNET sare nazionalean hartuko dute parte, “Amaranthus palmeri” belar txar inbaditzailearen aurka borrokatzeko. PalmerNET sareak Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren finantzaketa du, eta Lleidako Unibertsitatea arituko da haren buru. Datozen bi urteetan, Ameriketatik etorritako espezie inbaditzaile horrek laborantzan sortzen duen arazoa aztertuko du, batez ere Lleidako, Huescako eta Extremadurako artasoroetan, eta, horrez gain, espezie horren hedapena geldiarazteko irtenbideak bilatuko ditu.
PalmerNET osatzen duten ikerketa-taldeak unibertsitate hauetakoak dira: NUP, Vigoko Unibertsitatea (UdV), Valentziako Unibertsitate Politeknikoa (UPV), Aragoiko Nekazaritzako Ikerketen eta Teknologiaren Zentroa (CITA), Nekazaritzako Ikerketen Institutu Nazionala (INIA-CSIC) eta Extremadurako Ikerketa Zientifiko eta Teknologikoen Zentroa (CICYTEX).
PalmerNET sarean parte hartzen duen NUPeko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Mikel Vicente Eceiza, Mercedes Royuela, Ana Zabalza eta Miriam Gil Monreal.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan, sare horretako kide dira Mercedes Royuela Hernando, Miriam Gil Monreal, Mikel Vicente Eceiza eta Ana Zabalza Aznárez Zientzien Saileko ikertzaile eta IMAB ikerketa-institutuko kideak. Haien eginkizuna izanen da espezie horretatik sortu eta herbizidekiko erresistenteak diren populazioen alderdi fisiologiko garrantzitsuenak aztertzea.
Hedapena kontrolatzen laguntzea
NUPeko ikertzaile taldeak azaldu duenez, Lleidako, Huescako eta Extremadurako artasoroetan atzeman dute oraingoz “Amarantus palmeri” (nahiz eta belar txar hori beste leku batzuetan ere detektatu den). “Amaranthus palmeri” belar txarra mehatxu larria da soroetarako, laboreen baliabideekin lehiatzen delako eta ekoizpena murrizten duelako. Hori dela eta, zenbait lurraldetako landare-osasuneko zerbitzuek zenbait neurri eta gomendio ematen dituzte hura kontrolatzeko, baina oraindik ez dago protokolo bateraturik. Oraingoz, Nafarroan ez da detektatu belar hori.
Testuinguru horretan, PalmerNETek orain arte landu gabeko behar bati erantzuten dio nekazaritza-sektorean, Europan ez baita oraindik egin espezie horren sarrera-fluxua eta sarbide posibleak argitzeko azterketarik. Sareak lankidetza sustatuko du arazoaren ikuspegi orokorra izateko eta jarduteko protokolo bat definitzeko. Sarearen helburu nagusietako bat da espezie inbaditzaile hori ez dadila hedatu oraindik kaltetuak izan ez diren lurraldeetara, hala nola Gaztela eta Leonera, zeina artoz landatutako azalera handiena duen Espainiako autonomia-erkidegoa baita.
Zergatik da hain arriskutsua “Amaranthus palmeri”?
“Amaranthus palmeri” Ameriketatik dator, eta han belar txar moduan hazten da arto, soja eta kotoi soroetan. Pentsuetarako ale eta irinaren inportazioetatik iritsi omen da landare hori penintsulara.
Beste espezie batzuek baino eraginkortasun handiagoarekin hazteko eta garatzeko gaitasuna duen espeziea da, batez ere tenperatura altuko eta argitasun handiko baldintzetan. Bi metrotik gorako altuera izan dezake, eta landare eme bakoitzak 600.000 hazi baino gehiago sor ditzake; oso landare gutxik gainditzen dute kopuru hori. Egunean zentimetro bat haz daiteke. Dioikoa da (hau da, landare batzuk arrak dira, eta beste batzuk emeak), eta, oso aldakortasun genetiko handia duenez, erraza da belar txar horrek herbizida mota askorekiko erresistenteak diren populazioak garatzea.