Cristina García-Vivar Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko irakasle eta ikertzailea eta Blanca Marín Fernández sail bereko irakasle erretiratua Erizaintzako Sari Nazionaletarako hautagai izendatu dituzte. Erizaintzako Kontseilu Nagusiak egin du saietarako deialdia, eta datozen egunotan eginen den herri bozketa baten bidez erabakiko dira irabazleak.
Kontseiluaren webgunearen bidez ematen ahal da botoa, baita kategoria desberdinetako hautagaiei buruzko informazio guztia kontsultatu ere. Cristina García Vivar irakasle eta ikertzailea ikerketako kategorian dago izendatua, eta Blanca Marín, berriz, irakaskuntzakoan.
Ezkerretik eskuinera, Blanca Marín eta Cristina García Vivar, NUPeko Osasun Zientzien eraikinaren kanpoaldean.
Cristina García Vivarren CV laburra
Cristina García-Vivar NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasle titularra eta zuzendariordea da. Nafarroako Unibertsitateko Erizaintza Fakultateko ikerketako dekanordea ere izan da, bai eta Erizaintzako Kontseilu Nagusiko nazioarteko harremanetarako zuzendaria eta Erizaintzako Ikerketako Espainiako Institutuko Erizaintzako Behatokiko zuzendaria ere. Nafarroako Erizaintza Elkargoko ikerketako aholkularia ere bada.
García-Vivarrek erizaintzako bi ikerketa-ildo izan ditu oinarri: minbizia pasatu ondoren epe luzera bizirik jarraitzen duten pertsonen zainketak, batetik, eta gaixotasun kroniko konplexu batekin bizi diren familiak osasun arretan integratzea, bestetik. 106 artikulu argitaratu ditu hainbat aldizkari zientifikotan (horietatik 58, Journal Citation Report edo JCR katalogoan indexatuak). 15 ikerketa-proiektutan parte hartu du, eta haietako zazpi Estatuko deialdi lehiakor publikoen bidez finantzatu dira.
Nafarroako Osasun Ikerketako Institutuko (IdiSNA) “Erizaintzako Zainketako Ikerketa” taldeko arduraduna izan da 10 urtez, eta NUPeko “Inno-CARE: erizaintzako praktika berritzaileei buruzko ikerketa” taldekoa da gaur egun. Gainera, etengabeko harremana du Estatuko eta nazioarteko zenbait ikerketa-taldeekin.
International Family Nursing Association (IFNA) erakundearen zuzendaritza-batzordeko kide izandako lehenbiziko espainiarra izan da, eta “European Centre of Research Excellence - Continuing professional development for Nursing and Midwifery” erakundearen kide fundatzailea eta zuzendaritza-batzordeko kidea da. Lehen kuartilean indexatutako nazioarteko 4 aldizkariren kontseilu editoreko kidea era bada.
Blanca Marínen ibilbidea
Blanca Marínek 34 urte eman ditu irakaskuntzan, batez ere Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta denbora horretan erizaintzako 3.000 profesional baino gehiago trebatzen lagundu du 2019an erretiroa hartu zuen arte.
17 urtez, zuzendari eta irakasle aritu da Larrialdietarako Osasun Laguntzako Unibertsitateko Adituaren tituluan, bai eta Erizaintzako Zainketen Kudeaketako Masterrean (hamar urtez) eta Osasun Zientzietako Ikerketakoan ere.
Unibertsitate horretako Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako zuzendaria izan da 8 urtez. Kargu horretan, Erizaintzako gradua eta graduondokoa garatzen lagundu du. Gainera, NUPeko batzorde ugaritan parte hartu du, baita haren Gobernu Kontseiluan eta Klaustroan ere.
Esparru akademikoan, kudeaketa unibertsitarioko zenbait postu hartu ditu bere gain, bai eta Erizaintzako Dekanoen Konferentziakoak ere. Hala, ospe handia du nazioartean.
Ikerkuntzaren arloan, finantzabidea izan duten 11 ikerketa-proiektu lehiakorretan eta Europako Erkidegoak finantzatutako nazioarteko bi proiektutan parte hartu du. 109 artikulu argitaratu ditu aldizkari zientifikoetan, bai eta liburu bat eta beste liburu batzuetako 16 kapitulu ere. NUPeko erizaintzako GISE ikerketa-taldearen sortzailea izan zen. 9 doktoretza-tesiren zuzendaria izan da, eta ikerketako bi seiurteko lortu zituen guztira.