Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak irailaren 29an, ostirala, doako 32 dibulgazio jarduera eginen ditu, publiko guztiei zuzendurikoak, Ikertzaileen Gau Europarrean. Jarduerak, hala nola ibilaldiak, dastaketak, hitzaldiak edo monologo komikoak, NUPeko 80 bat zientzialarik gidatuko dituzte. 

Programatutako jarduera gehienak Civican kulturgunean eginen dira, hilaren 29an, 17:00etatik 22:00etara, baina, horrez gain, ibilaldi zientifikoak ere eginen dira Iruñeko zenbait lekutan; adibidez, San Andres errotan (Atarrabia) eta Sarion (NUPeko Arrosadiko campusa). Bestalde, irailaren 28an, osteguna, 19:00etan, “Monologo Zientifikoak” ikuskizuna eginen da NUPen. Jarduera batzuetan izena eman behar da ekitaldiaren webgunean; bertan dago informazio guztia. 

zoom Ikertzaileen Gau Europarreko iazko irudi bat.

Ikertzaileen Gau Europarreko iazko irudi bat.

NUPek laugarren urtez jarraian hartuko du parte ekimenean. Europako 400 hiritan egiten da aldi berean, eta Europar Batasunak finantzatzen du Horizon Europe programaren barrenean. Ikerketa-lana publiko zabalari hurbiltzea du helburu, eta, oraingoan, ardatz nagusiak klima-aldaketara egokitzea, minbiziaren aurkako borroka eta telekomunikazioak eta irrati-astronomia izanen ditu. Jarduerok bat datoz Europar Batasunak munduko erronkei erantzuteko ezarritako misioetako hirurekin. Misio horiek hala nola erronka hauei erantzuten diete: klima-aldaketarako egokitzapena, minbizia edo hiri adimendun eta klimatikoki neutroak.

Dastaketak, pintxoak, esperimentuak edo ibilaldiak

Hogeita hamar jarduera horiek bost modalitatetan daude banatuak: “Zientziazko dastaketak”, “Zientzia-pintxoak”, “Har ezazu parte”, “Zientziazko ibilaldiak” eta “Zientzia artearekin”. Lehenbizikoan, bertaratzen direnek NUPen ikertzen ari diren produktuak dastatzen ahalko dituzte, hala nola garagardoak, ardoak edo mahatsak. Gainera, parte-hartzaileek aukera izanen dute NUPeko Germoplasma Bankuan kontserbatzen diren Nafarroako sagar tradizionalen barietateak ikusi eta ukitzeko.

“Zientzia-pintxoak” atalean, unibertsitateko ikertzaileek beren lan-esparruetako aurrerapen eta emaitza nagusiak azalduko dituzte: datuen zientzia, ekonomia zirkularra eta osasuna. “Har ezazu parte” atalean, zientzialariek zenbait tailer gidatuko dituzte, besteak beste errealitate birtualari, denbora errealeko 3D holograma interaktiboei, adimen artifizialari, biologiari, matematikari edo ekologiari buruzkoak.

“Zientziazko ibilaldiak” atalak ekitaldiaren erdigunetik ateratzera gonbidatzen du parte hartzailea, naturaz goza dezan; izan ere, bertako jarduerek aukera emanen diote ibilaldi gidatuak egiteko ilunabarrean saguzarrak entzutearren, Arga ibaiaren arroan “safari” bat egitearren edo bizikletaz paseatuz ibaien jarduerak eta lurren urruneko jatorriak nola funtzionatzen duten ulertzearren. Halaber, aukera egonen da NUPeko “Jocelyn Bell Burnell” irrati-teleskopioa ere bisitatzeko eta hark atzemandako irudiekin zuzenean konektatzeko; bera da Espainiako unibertsitateetan instalaturik dagoen handiena.

Azkenik, “Zientzia artearekin” atalean, “Inmersants VS Contactiers” performanceak 802.701. urtearen bueltako espazio-denbora zehaztugabe batera eramanen du publikoa, “Monologo zientifikoak” zientziazko eta umorezko antzerki ikuskizuna emanen du Big Van Ciencia taldeak, eta haurrentzako hainbat jarduera izanen dira, tartean familientzako tailerrak edo “Yo quiero ser científica” antzezlana. 

Nazioarteko proiektu bat

Ikertzaileen Gau Europarra Europako Batzordeak finantzatzen du, Marie Sklodowska-Curie Ekintzen bidez (MSCA) –Europan karrera zientifikoak sustatzeko ekimena–, eta Europe Horizon programaren eta Europar Batasuneko Ikerketaren eta Berrikuntzaren Esparru Programaren barnean kokatzen da. Hauek dira haren helburu nagusiak: ikertzaileen figura herritarrengana hurbiltzea haien lana eta gizarteari ekartzen dizkioten onurak ezagutzera emateko; eta genero oztopoak ezabaturik ikasleek karrera zientifikoak hauta ditzaten sustatzea.