Joan eduki nagusira

Tailerrak, lehiaketak eta dibulgazio hitzaldiak eginen dira urriaren 16tik 20ra, Adimen Artifizialaren Astean. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak antolatu du ekimena, Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren laguntzarekin. Jardueren helburua da teknologia horrek zer ezaugarri dituen eta nolako aukerak eta desafioak eskaintzen dizkigun ezagutzera ematea. Unibertsitatean bertan eginen dira jarduera batzuk eta Iruñeko Kondestablearen Jauregian eta Nafarroako Liburutegian beste batzuk, azkeneko erakunde horren adimen artifizialari buruzko zikloaren kariaz. 

Jarduera gehienak dibulgaziozkoak dira, sarrera librekoak eta publiko orokorrari zuzenduak, baina egun bat gorde da adimen artifizialaren arloko ikerketaz aritzeko. Tailerrak eta lehiaketak ere eginen dira, eta, horietarako, izena eman beharko da aldez aurretik. NUPen webgunean dago Adimen Artifizialaren Astearen programa osoa, bai eta jardueretan izena emateko gunea ere. 

zoom Adimen Artifizialaren Astea aurkezteko prentsaurrekoa. Ezkerretik eskuinera: Mar González Tracasaren zuzendari kudeatzailea, Ramón Gonzalo NUPeko errektorea, Cigudosa kontseilaria eta Mikel Galar Katedraren zuzendaria.

Adimen Artifizialaren Astea aurkezteko prentsaurrekoa. Ezkerretik eskuinera: Mar González Tracasaren zuzendari kudeatzailea, Ramón Gonzalo NUPeko errektorea, Cigudosa kontseilaria eta Mikel Galar Katedraren zuzendaria.

Hori guztia azaldu dute gaur, irailak 14 (osteguna), Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak, Juan Cruz Cigudosa Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak, Mikel Galar Katedraren zuzendariak eta Mar González Paredes Tracasa Instrumental sozietate publikoaren zuzendari kudeatzaileak. Tracasa Katedrak antolatutako bigarren jarduera da, apirilean Adimen Artifizialaren Erronka prestatu baitzuen. 

Teknologia, lurralde berritzaile baten giltzarria

Cigudosa kontseilariak azpimarratu duenez, “teknologia giltzarria da lurralde bat berritzaileagoa, konektatuagoa eta adimentsuagoa bihurtzeko”; Nafarroaren kasuan, “Adimen Artifizialaren Ikerketa Zentroak (NAIR Center) bideratzen eta indartzen du” adimen artifizialaren potentzialtasuna 2022az geroztik. Kontseilariak esan du Datuaren Bulegoa ere garrantzitsua dela, “funtsezko organoa baita aktibo horiek modu etikoan eta egokian erabiltzen direla zaintzeko, adimen artifizialak markatutako testuinguru honetan”.

Cigudosak berretsi du Nafarroako Gobernua eta Tracasa zein NASERTIC enpresa publikoak NUPekin lankidetzan arituko direla Foru Komunitatean talentu digitala bultzatzeko. Horren ildotik, esan du “NUPek prestakuntza-eskaintza zabala eta beharrezkoa duela” digitalizazioarekin zerikusia duten programetan, baina, “nahiz eta adimen artifizialak aurrera egin, ez duela ordeztuko gizakion ekimena eta jakintza”.

Tracasaren eta NUPen arteko lankidetza

Bestalde, Mar Gonzálezek esan duenez, Tracasa Instrumental-en eta NUPen arteko “lankidetza ezin hobea da. Enpresa horrek esperientzia zabala du adimen artifizialean, I+G+b-ko talde bat ere badu, nazioarteko aintzaStespenak jaso ditu bere arloan, eta analitika aurreratuko eta adimen artifizialeko irtenbideak diseinatu ditu eremu batean baino gehiagotan, besteak beste hauetan: satelite bidezko irudien prozesamendua eta superbereizmena, LiDAR puntuen hodeien sailkapena, labore moten segmentazio eta sailkapen adimenduna, katastroko omisioen detekzioa, grafoen garapena zerga-arloko ikerketarako, adimen artifizialak gidatutako tramitazio judiziala, hizkuntza naturalaren prozesamendua eta adimen artifizial sortzailea".

Adimen Artifizialaren Asteko hasierako bi eguneko jarduerak dibulgaziozkoak izanen dira, eta sarrera librea izanen dute. Ekitaldiaren inaugurazioa urriaren 16an izanen da (astelehena), 18:00etan, Kondestablearen Jauregian. Han egonen da Carlos Santana, “Dot CSV”, sare sozialetan teknologiaz eta adimen artifizialaz aritzen den dibulgatzailea. Asteartean, hilak 17, 19:00etan, “La (IA) que se nos viene encima” hitzaldia emanen dute Javier Armentiak (Iruñeko Planetarioaren zuzendariak), Joaquín Sevillak (NUPeko Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedraren zuzendariak) eta Ignacio López Goñik (Nafarroako Unibertsitateko irakasle eta dibulgatzaileak). Nafarroako Liburutegiaren “Adimen Artifiziala” zikloaren barrenean dago hori.

Hitzaldi zientifikoak eta ikerketako mintegiak 

Asteazkenean, hilak 18, ikuspegi zientifiko eta espezializatu batetik begiratuko zaio adimen artifizialari. Goizean, “Understanding our planet with AI” izeneko hitzaldia emanen du Konrad Heidler irakasle eta Lurraren behaketarako datuen zientziako ikertzaileak. Izan ere, ikaskuntza automatikoko eta ikaskuntza sakoneko teknikak aplikatzen ditu Lurra aztertzeko, adibidez poloetako lurraldeak monitorizatzeko.

Gero, ikerketa-mintegi bat eginen da adimen artifizialaren arloan NUPek orain dituen ikerketa-lerroak ezagutzera emateko, eta, goiza bukatzeko, “Cuando la IA sale mal: sesgos y discriminación” hitzaldia emanen du Iris Domínguez Catenak, NUPeko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren arloko ikertzaileak. Arratsaldean, adimen artifizialaren arloko ikasketa amaierako lanen lehiaketako sariak banatuko dira (gradukoak eta masterrekoak).

Artea, lehiaketak, tailer praktikoak eta mapatoi solidarioa

Ostegunean, hilak 19, 18:00etatik aurrera izanen da hitzordua, Kondestablearen Jauregian, eta artea eta adimen artifiziala izanen da gaia. “Artea eta Adimen Artifiziala” lehiaketara aurkeztu diren lanak ikusten ahalko dira orduan. Adimen artifizialarekin artea sortzeari buruzko lehiaketa bat da hori (mikrokontakizunen lehiaketa eta irudi digitalei buruzkoa), nornahik parte hartzeko modukoa. Horretaz gainera, “La revolución de la IA en las industrias creativas y digitales: una oportunidad histórica” izeneko hitzaldia emanen du Carlos F. de Vigok, Dr. Platypus & Ms. Wombat estudioen arduradun eta “Emotional Films” proiektuko kideetako batek (NUPek ere hartzen du parte proiektuan).

Ostiralean bukatuko dira jarduerak, hilaren 20an, tailer praktiko batzuekin. Programazio informatikoaz dakitenentzat dira bi, eta dibulgatiboagoa hirugarrena. Horretaz gainera, Mugarik Gabeko Medikuen Mapatoi solidarioa eginen da: NUPen eta Mugarik Gabeko Medikuen lankidetzari esker duela urte batzuk sortutako proiektua, munduan gatazkan dauden lekuak mapatuz laguntza humanitarioa iritsaraztekoa.

Hona tailerrak: “Irudiak sailkatzea Fast.AI erabiliz”, Christian Ayalak gidatua (Tracasa Instrumental-eko R&D Technical Team Leaderra); “Softwarea garatzea adimen artifizial sortzailea erabiliz”, Javier Lasherasen eskutik (Tracasa Instrumental-eko “machine learning” arloko ingeniaria); eta “ChatGPT marketinerako”, Mónica Cortiñasek bideratua (NUPeko Merkaturatzeko eta Merkatuen Ikerketako katedraduna).