Ana Palacios Garraza irakasle eta pedagogoak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) berriki defendatu duen tesiaren arabera, ikastetxeetako zuzendarien profesionalizazioa lanpostu horrek gaur egun dituen arazoen konponbidea izan liteke, eta gaitzeko prestakuntza espezifiko bat eman beharko litzaieke horretarako. Inés Gabari Gambarte NUPeko irakasleak eta Jaione Apalategi Beguiristain doktoreak gidatu dute ikerketa, “La dirección escolar: hacia la definición de su identidad profesional” izenekoa (Eskolako zuzendaritza: haren identitate profesionalaren definiziorantz).
Nafarroako ikastetxe publikoetan zuzendaritza-kargua aldi baterako betetzen duten pertsonen identitate profesionalik ezarekin zerikusia duten alderdiak aztertu ditu Ana Palaciosek bere tesian, ikuspegi kuantitatibo nahiz kualitatibo batetik; alderdi horien artean daude, besteak beste, irakaslearen eta zuzendariaren identitate dualtasuna, lidergorik eza eta zuzendari lanpostuaren berezko eginkizunak garatzeko eskatzen diren gaitasunetan trebatzeko prestakuntza-ibilbiderik eza. Hain zuzen ere, karguaren aldi baterako izaera da aipatzen den beste oztopoetako bat.
“Espainiak ez du bat egin nazioarteko joerekin; izan ere, zenbait urtez zuzendaritza-eredu profesionalizatuetan esperientzia izan ondoren, emaitza hobeak erakutsi dituzte”, adierazi du Ana Palaciosek. “Dauden egiturazko arazoen ondorioz, kargua ez da erakargarria eta, ondorioz, hautagai gutxi egoten dira. Horrek askotan, zuzendaritzak zuzenean esleitzea dakar. Batzuetan, horretarako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonek hartzen dute kargua, eta, beraz, nekez jarduten ahalko dute erakundeko lider gisa”, adierazi du tesiaren egileak.
Era berean, tesian nabarmentzen da irakasletzako graduetako prestakuntza unibertsitarioak ez duela ikastetxeen lidergoa gauzatzeko trebakuntzarik ematen, eta, beraz, Ana Palaciosek dio aztertu beharra dagoela ea ez ote litzatekeen komenigarria izanen ikastetxeetako zuzendaritzako prestakuntza espezifikoa ematea. “Egungo lan baldintzek ez dute eskola-zuzendaritzarekiko interesa sustatzen, eta, horren ondorioz, ez dago motibaziorik kargua betetzeko. Lanpostu hori erakargarri bihurtu behar da, eta profil jakin bat eta kudeatzeko autonomia eman”, adierazi du tesiaren egileak.
Hala, ikerketaren ondorioetako bat da “eskola-zuzendaritzan aldi baterako jarduteko behar den prestakuntza alde batera utzi eta eskola-zuzendariaren lanbidean aritzeko gaikuntza emanen duen prestakuntzaz hitz egiten hasi behar dugula. Zuzendari lanpostuan aritzeko baldintza gisa eskola-zuzendaritzako master bat egin beharrari buruzko eztabaida irekitzeko bidea ematen du horrek”.
Nafarroako eskola-zuzendariak profesionalizazioaren alde
Adierazi den bezala, tesian agerian gelditzen da Nafarroako gaur egungo eskola-zuzendariek planteamendu profesionalizatzaileak defendatzen dituztela; izan ere, uste dute beren zereginak baduela irakaskuntzaz bestelako lanbidetzat hartzeko moduko garrantzia. Gainera, irakasle eta zuzendari eginkizunak bereiztea eskatzen dute, bien artean banaketa ekitatiboa eginez; beren ustez, kargua lortzeko eskatzen den prestakuntza ez da nahikoa, eta uste dute identitate profesional indartsu batek ikastetxearen hobekuntzan eragiten duela.
Gainera, ikerketan parte hartu dutenek garrantzi handiagoa ematen diete gaitasun pedagogikoei administratiboei baino, argitaratutako ikerketa zientifikoen ildotik. Halaber, zuzendari kargua lortzeko eskatzen diren prestakuntza-baldintzak edo zuzendariaren erantzukizuna prestakuntza-taldera lekualdatzea funtsezko faktoreak dira profesionalizaziorako bidean, doktoretza-tesian adierazten denez.
Ana Palacios Garrazaren CV laburra
Ana Palacios Garraza Irakasletzako diplomatua da, Filosofiako eta Hezkuntza Zientzietako lizentziaduna eta cum laude doktorea Pedagogian. Karrerako funtzionarioa da Hezkuntzan 2009tik (pedagogia terapeutikoa), eta NUPeko irakasle elkartua 2019tik.
15 urte baino gehiagoko esperientzia du pedagogia terapeutikoko espezialista gisa haur, lehen eta bigarren hezkuntzan, Nafarroako zenbait ikastetxetan. 2021-2022 eta 2022-2023 ikasturteetan, “Iraganaren eta orainaren arteko hezkuntza-narratibak. Museo pedagogiko birtual bat eraikitzea” NUPeko Irakaskuntza Berritzeko Programan hartu zuen parte. Era berean, Espainiako eta nazioarteko zenbait ikerketa-jardunalditan parte hartu du, eta ekarpenak egin ditu zientzia-arloan, zenbait liburu-kapitulu eta aldizkari-artikulu argitaratu baititu.
Gaur egun, Lodosako Ángel Martínez Baigorri HLHIPko ikasketaburu eta euskarako irakaslea da. Gainera, HEZIGARRI programaren koordinatzailea da bertan, eta zuzendaritza-taldearen ordezkaria PROA+ programan, bai eta irakasle elkartua ere NUPeko Irakasletzako graduetan.