Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2023-2024 ikasturteari hasiera eman dio gaur, irailak 12, hirurehun pertsona inguru bildu dituen ekitaldi batean. María Chivite Navascués Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Ramón Gonzalo errektorea izan dira ekitaldiaren buruak, eta Foru Komunitateko agintari nagusiak eta Unibertsitateko komunitateko kideak ere bertan izan dira. Hasierako ikasgaia, “Seinaleak eta espektroak: naturaren zikloen bila” izenekoa, Alfonso Carlosena Seinalearen Teoriako eta Komunikazioetako katedradun eta NUPeko errektore ohiak eman du.

Eguerdiko 12:00etan hasi da ekitaldia, segizio akademikoa Fernando Remacha aretoan sartu denean, hots, togadun irakasleak, NUPeko errektore ohiak eta beste unibertsitate batzuetako errektoreak, errektorea, Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, “Zura Quartet” laukoteak “Erresumako Gortearen Sartzerako Martxa” (anonimoa, XVIII. mendea) jotzen zuen bitartean.

Ondoren, Roldán Jimeno Aranguren Unibertsitateko idazkari nagusiak joan den ikasturteko memoriaren laburpena irakurri du, NUPek aldi horretan ikerketari, irakaskuntzari, transferentziari eta erakundeen arteko aliantzei buruz izan dituen datu nagusien berri emanez. Hala, nabarmendutako datuen artean, ingelesezko irakaskuntzaren hazkundea, graduondoko titulazioen mapa berria, ikasleentzako espazio berriak, enplegagarritasunaren arloko ekintzak edo Unibertsitatea UNITA aliantzako kide izatea aipatu ditu. Era berean, NUPek ikertzeko duen gaitasuna edo nazioarteko rankinetan duen presentzia azpimarratu ditu, besteak beste.

zoom Fernando Remacha aretoaren ikuspegi orokorra, ekitaldian bildutakoekin.

Fernando Remacha aretoaren ikuspegi orokorra, ekitaldian bildutakoekin.

Ondotik, Alfonso Carlosena katedradunak hasierako ikasgaia irakurri du, eta, jarraian, Ramón Gonzalo errektoreak hitzaldia eman du. Azkenik, María Chivite Nafarroako lehendakariak ofizialki eman dio hasiera ikasturte akademikoari.

Ekitaldian Foru Komunitateko agintari nagusiak eta esparru politikoko, erakunde judizialetako eta ekonomia- eta gizarte-erakundeetako ordezkariak izan dira. Arlo akademikoari dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore ohietako bik hartu dute parte: Alfonso Carlosenak, hots, hasierako ikasgaiaren egileak, eta Antonio Pérez Pradosek. Halaber, María Iraburu Nafarroako Unibertsitateko errektorea eta Juan José Unzilla Euskal Herriko Unibertsitateko Eraldaketa Digitalaren eta Komunikazioaren arloko errektoreordea ere izan dira bertan.

Ekitaldian zehar, zenbait pieza musikal interpretatu dituzte Iruñeko Orfeoiak, Juan Gainzaren gidaritzapean, eta Zura Quartet laukoteak, Leire Fernández Sainz de Murietak, Mario Oroz Arraizak, Daniel Sádaba Bermejok eta Igor Saenz Abarzuzak osatutakoak.

zoom Segizio Akademikoaren desfilea.

Segizio Akademikoaren desfilea.

NUPeko errektorearen hitzaldia

Ramón Gonzalo errektoreak azpimarratu du Unibertsitateari buruzko Foru Lege bat bultzatu behar dela, NUP “Nafarroako garapen sozial, kultural eta ekonomikoaren funtsezko zutabe” gisa sendotzeko, “gizarteari zerbitzua emateko duen eginkizun hautsezina islatuz”. Halaber, Nafarroako Gobernuaren eta NUPen arteko negoziazioaren ondorioz erakundeak lortu duen urte anitzeko finantzaketarako hitzarmenak duen garrantziaz hitz egin du. Bestalde, NUPen plan estrategikoa garatuko da laster, eta dokumentu horrek, errektoreak adierazi duen bezala, hitzarmen horretarako oinarri gisa balioko du, baliabideak Nafarroaren garapen integralari laguntzen dioten proiektuekin lotzen baititu.

Ramón Gonzalok bere hitzaldian adierazi duenez, NUPek “erakunde inklusiboagoa izan nahi du, bere komunitatean errotua egon, Nafarroako ehun sozioekonomikoan integratua baina nazioarteko ikuspegi eta anbizio batekin”. Horretaz gain, aditzera eman du ziur dagoela Unibertsitateko komunitateak “bere erabakitasunari eutsiko diola beharrezko aldaketak bultzatu eta bideratzeko, modu horretan gizarteari eskaintzen diogun balioa eta zerbitzua bermatuz”.

zoom Lehendakaria hitzaldia ematen.

Lehendakaria hitzaldia ematen.

Unibertsitateari buruzko Foru Legea

Hitzaldian, Nafarroako lehendakariak aipatu du Gobernuak Unibertsitateari buruzko Foru Lege bat prestatzeko asmoa duela, eta NUPek Nafarroaren garapen ekonomiko, zientifiko eta sozialari egiten dion ekarpena azpimarratu du. Halaber, ikasturte unibertsitarioan familiaren etxetik kanpo bizi behar dutenentzako beken deialdi berri bat iragarri du, 650 lagun ingururentzat izanen dena. 

Bestalde, María Chivite NUPeko ikasle ohi izatearen harrotasunaz mintzatu da. Hala, Unibertsitateari buruzko datu batzuk aipatu ditu, esate baterako Estatuko Ikerketa Planeko funts gehien hartzen dituen erakundea izatea, “starting grant” bana jaso duten hiru ikertzaile edukitzea (Europar Batasunean prestigio zientifiko handiena duen laguntzetako bat), egresatuen enplegagarritasunari buruzko datu onak izatea edo emakumeen talentua ikusarazteko konpromisoa izatea. Azken batean, herritarren bizitza hobetzen laguntzen duten proiektuak garatzen dituen aurrerapenerako eragile gisa deskribatu du NUP. 

zoom Errektorea hitzaldia ematen.

Errektorea hitzaldia ematen.

Hasierako ikasgaia

Hasierako ikasgaian, Alfonso Carlosenak seinalearen teoria zer den eta diziplina horretan zer ikasten den azaldu du eguneroko zenbait adibidez erabiliz (COVIDaren kutsadura-kurba edo elektrokardiograma bat, besteak beste). Hala, aditzera eman du ezen seinalearen prozesamendua, azken batean, “sorburu eta forma erabat desberdineko seinaleetatik informazioa prozesatzeko, aldatzeko eta ateratzeko gaitasuna dela, baina teknika komunak aplikatuz, eta teknika horiek guztiak azken batean zenbakien sekuentzia diren heinean”. Horrek, hitzaldian zehaztu duen bezala, aplikazio praktiko ugari du.  

Testuinguru horretan, “seinalearen espektroa” kalkulu matematiko batzuek osatzen dute, eta horiek, seinale jakin bati aplikatuta, zenbait erpin dituen grafiko bereizgarri bat sortzen dute. Espektro horren analisiak aukera ematen du fenomeno askotan modu ziklikoan errepikatzen diren ereduak aurkitzeko (adibidez, hamaika urteko serieetan fenomeno klimatikoen kasuan). Iragarpen horiek lagungarriak izan daitezke, besteak beste, klima-ereduak hobetzeko eta zenbait gertakari natural aurreikusteko.

zoom Alfonso Carlosena hasierako ikasgaia irakurtzen.

Alfonso Carlosena hasierako ikasgaia irakurtzen.

Katedradunak zehaztu duen bezala, bere ikerketa-taldean seinalearen prozesamendu hori aplikatu dute, adibidez, “vending” makina batean sartutako txanpon bat faltsua ote den edo aerosorgailu bat balio-bizitzaren amaierara noiz iritsi den jakiteko teknikak garatzeko. Halaber, prozesamendu hori historiaurreko garaietako klimaren azterketan ere aplikatu dela azaldu du, hau da, paleoklimatologian, baita kantu lirikoko bibratoaren azterketan ere.

Hasierako ikasgaiaren ondorio gisa, Alfonso Carlosenak ziurtatu du natura bakarra dela, eta, zientziaren eta artearen zatiketaren aurrean, ezinbestekoa dela jakintzaren eta ikerketa zientifikoaren diziplina-aniztasuna. Era berean, adierazi du matematika eta giza hizkuntza izan beharko liratekeela prestakuntzaren oinarria, eta, azkenik, “gaur egungo arazo eta erronken konponbide asko gu baino lehenagoko jenio handi ezagun nahiz ezezagunek ematen dizkigutela”.

Alfonso Carlosenaren CV laburra

Alfonso Carlosenak Zientzia Fisikoetako lizentzia egin zuen Zaragozako Unibertsitatean, baita doktoretza ere unibertsitate berean. 2000. urteaz geroztik katedraduna da, eta hainbat ikerketa-proiektu eta -kontratu gidatu ditu Elektronikaren, Instrumentazioaren eta Seinalearen Prozesamenduaren arloan. 150 artikulu baino gehiago argitaratu ditu nazioarteko aldizkarietan, eta ustiatze bidean diren lau patenteren egilea da. NUPeko errektorea izan zen 2015etik 2019ra, eta Ikerketako errektoreordea ere izan da erakunde horretan bertan.