Gaur hasi dute, hilak 7 (osteguna), Navarra Lan Partyren seigarren edizioa. 400 lagunetik gora elkartuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), gaurtik hilaren 10era arte, igandea. ANDITEC Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteak eta NUPek antolatu dute ekitaldi teknologikoa, eta entitate bat baino gehiago ditu babesle: Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala, Veridas, Naudit, Tracasa, Maniac Panda Games, Nexxyo Labs bideojokoen estudioa eta Gasteiz componentes electrónicos enpresa. Laguntzaile dira, bestalde, Iruñeko Planetarioa, Nafarroako Astronomia Elkartea eta Irungo PC Box.
Inaugurazio ofizialean izan dira Iñigo Aguas Ardaiz, ANDITEC Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteko presidentea; Edurne Barrenechea Tartas, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Garapen Digitaleko errektoreordea; Juan Cruz Cigudosa García, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria; eta Cristina Ibarrola Guillén, Iruñeko alkatea.
Navarra LAN Partyren inaugurazioa. Ezkerretik eskuinera: Edurne Barrenechea, NUPeko Garapen Digitaleko errektoreordea; Juan Cruz Cigudosa, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria; Cristina Ibarrola, Iruñeko alkatea; eta Francisco Javier Arregui, NUPeko Ikerketako errektoreordea.
Nafarroako kiroldegi unibertsitarioan eginen da Navarra LAN Party jardunaldia, eta bi eremu izanen ditu. “Party Place” izenekoan, 450 ordenagailu instalatuko dituzte abiadura handiko Interneteko konexiodunak; hor, e-sportseko lehiaketak egin eta Twitch bidez emanen dira, eta beste lehiaketa batzuk ere antolatu dituzte, sormena lantzekoak, arte digitalekoak eta abar. Beste eremuan, “Open Space” izenekoan, edonor sartzen ahalko da, dohainik, eta ostiraletik larunbatera egonen da irekia (hilak 8an eta 9an), 10:00etatik 20:00etara; bertan, aukera egonen da kontsolak probatzeko, gidatzeko simulagailuetan ibiltzeko eta errealitate areagotuko esperientziak edukitzeko, eta hiru dimentsiotan inprimatzeko eta teknologiari buruzko hitzaldiak entzuteko gune bat ere izanen du. Gainera, 3.000 euro banatuko dituzte saritan.
ANDITEC, IKTen aldeko elkartea
Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkartea (ANDITEC) irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, 2018an sortua, eta Nafarroan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) zabaltzea eta bultzatzea du helburu, bai eta gizarteari teknologia hurbiltzea eta teknologien inguruko komunitatea sortzea ere.