Guztira 30 bat herrialdetako unibertsitateko 174 ikasle atzerritar hasiak dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). 2023-2024 ikasturteko udazkeneko seihilekoa egitera etorri dira erakunde akademikoak eskaintzen dituen mugikortasuneko programen bidez. Ikasle horietatik 68k ikasturte osoa eginen dute NUPen.
Abuztuaren bukaeraz geroztik ari dira gurera ailegatzen, eta ikasleei ongietorria egiteko Unibertsitateak antolatutako jardunaldietan hartu dute parte. Haietan, izan ere, informazio hitzaldiak eman zaizkie ikasketen edukiari eta Unibertsitatean dauden bitartean egin ditzaketen jarduera kulturalei eta kirolei buruz.
Buddy Programan parte hartzen duten NUPeko hogeita hamar bat ikasleren laguntza izanen dute gazte atzerritarrek lehenbiziko seihilekoan. Ekimen horren helburua atzerriko ikasleei laguntzea da, dela Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzen, dela beste zenbait kontutan, hala nola bizilekua bilatzen eta zenbait tramite egiten. Ongietorri instituzional horren barnean sartzen da Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian astebetez emanen zaien gaztelania-ikastaro trinko eta doakoa ere, beste zerbitzu batzuen artean.
Nondik etorri diren eta zer truke programaren bidez
Nazioarteko 174 ikasleak (109 emakume eta 65 gizon) hogei hamar bat herrialdetakoak dira, gorago esan bezala. Europarren artean, Italiakoak (39) eta Frantziakoak (28) dira gehienak, baina beste herrialde hauetakoak ere badira zenbait: Alemania, Austria, Danimarka, Eslovenia, Grezia, Hungaria, Portugal, Herbehereak, Polonia, Txekiar Errepublika, Portugal eta Suedia. Turkiatik, berriz, bi ikasle etorri dira.
Amerikari dagokionez, Mexikotik etorri dira ikasle gehien (17), eta, hurrena, Estatu Batuetatik nahiz Perutik (11na ikasle), eta Txiletik (10). Gainera, Argentinakoak, Brasilgoak, Kanadakoak, Kubakoak, Uruguaikoak eta Venezuelakoak ere badira. Azkenik, Txinako 11 ikasle eta Taiwango bat ditugu zerrenda osatzeko.
Programa motari begiratuta, Erasmus+ programakoak dira Unibertsitatera graduko ikasketak egitera datozen ikasle gehienak (Europako eta beste herrialde batzuetako ikasleekin trukea egiteko programa). Halaber, badaude Palafox programakoak ere, hau da, NUPek Latinoamerikako ikasleekin trukea egiteko duen berezko programakoak; Martín de Rada Asiako truke-programakoak; edota ISEP programakoak eta aldebiko hitzarmenen bidez etorriak. Graduko ikasleez gain, masterreko eta doktoretzako nazioarteko ikasleak ere hasi dira NUPen, Carolina Fundazioaren, Talentua Erakartzeko beken eta AUIP beken bitartez.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak 32 herrialdetako 193 unibertsitaterekin hitzarmenak dituelako daude martxan truke-programa horiek guztiak.