Joan eduki nagusira

Lorena Bea Remírez Cintruénigokoa da (Nafarroa), eta berak atera du notarik altuena Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irailetik aurrera graduko lehen ikasmaila egiteko matrikulatu diren ikasle guztien artetik. Hamazazpi urteko gazteak 14tik 13,975 puntuko kalifikazioa lortu du –kalifikazio hori kalkulatzeko, Batxilergoko batezbestekoaren % 60 eta USEkoaren % 40 hartzen dira kontuan, behar diren ponderazioak egin ondoren–. Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza ikasiko du.

zoom Lorena Bea Remírez, NUPeko Arrosadiko campusean.

Lorena Bea Remírez, NUPeko Arrosadiko campusean.

Lorena Beak Bachibac delako batxilergoa egin du (Espainiako eta Frantziako batxilergoko titulazio bikoitza) Giza eta Gizarte Zientzien modalitatean, Benjamín de Tudela BHIn. Frantziako Batxilergoa baliozkotzeko UHUNeko egiaztagiri bat eskatu zuen; hartan, 9,975eko kalifikazioa lortu zuen unibertsitatean sartzeko. USEko borondatezko fasean hiru irakasgai aukeratu zituen ponderatzeko: Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika, Geografia eta Enpresaren Ekonomia (lortutako bi kalifikazio onenak hartzen dira kontuan). Azken bi irakasgaietan hamarrekoa atera zuen, eta, beraz, ponderazioak egin ondoren, 13,975eko nota atera du.

NUPek ongietorria egiteko antolatzen duen egunera etorri da gaztea, beste 2.200 ikasle bezala, gaur, irailaren 1ean, ostirala (Arrosadiko campusean, Osasun Zientzienean eta Tuterakoan egin da jardunaldia). Astelehenean hasiko ditu eskolak, irailaren 4an, bere ikaskideekin eta beste ikasmailetakoekin batera.