Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hamahiru ikastaro kultural emanen ditu udazkeneko seihilekoan, horien artean, besteak beste antzerkiari, eztabaidari, irakurketari edo idazketari lotutako tailerrak. Izena emateko epea ostiral honetan, irailaren 1ean, hasiko da unibertsitateko kide direnentzat, eta irailaren 18an A3U programan izena emanda daudenentzat eta erakundetik kanpokoentzat. Unibertsitatearen webgunean kontsulta daiteke eskaintza osoa, monografiko bakoitzaren deskribapenarekin, eta baita haien prezioak ere (hala ere, ikastaro batzuk doakoak dira). 

zoom NUPeko Antzerki Taldeko kideak, emanaldi batean.

NUPeko Antzerki Taldeko kideak, emanaldi batean.

Monografikoak hiru kategoriatan daude sailkatuak: Expresarte (ezagutu zeure burua eta adierazi barnean duzuna), Actuarte (parte hartu, abestu eta antzeztu) eta Cultivarte (Findu zure gaitasun eta ezagutzak). NUPek urte batzuk daramatza ikastaro batzuk urtero egiten, hala nola jendaurrean hitz egitekoa, antzerki-taldea, eztabaida-gela edo irakurketa-kluba; aldiz, beste batzuk berriak dira. Ikastaroen saioak astean behin egiten dira, abesbatza salbu, horretan astean bi saio eginen baitira. Guztiek ematen dute kredituak aitortzeko aukera.

Ikastaro eskaintza osoa

“Expresarte” kategorian, Marisol Articak emanen du “Sormenezko idazkuntza” ikastaroa (zenbait egunetan, urriaren 5etik azaroaren 30era), eta Óscar Orzaizek, aldiz, “Jendaurrean hitz egin” ikastaroa (urriaren 24tik abenduaren 19ra eginen da). Bestalde, hauek daude “Actuarte” epigrafean: “antzerki-taldea” ikastaroa (larunbatetan, irailaren 30etik maiatzaren 18ra), Óscar Orzaiz izanen duena gidari, eta “Iruñeko Orfeoiaren gazteen abesbatza” (irailaren 20tik maiatzaren 10era).

“Cultivarte” izeneko atalean sartzen dira jarduera gehienak: “Eztabaida-gela” (irailaren 27tik azaroaren 22ra eginen da eta Miguel Rodríguezek emanen du); “Bazen behin” (urriaren 3tik maiatzaren 7ra, Ilazki Muniainen gidaritzapean); “Osasun Zientzien Fakultateko irakurketa-kluba” (irailaren 27tik maiatzaren 31ra eginen da, eta Francisco Javier Blázquez eta Alfonso Arteaga izanen ditu gidari); “NUPeko Arrosadiko irakurketa-kluba” (irailetik abendura hainbat asteazkenetan eginen da aurrez aurreko formatuan, eta urriko, azaroko eta abenduko zenbait ostegunetan online bertsioan, biak Begoña Espoz irakasleak gidaturik); “Demokrazia Eskola” (zenbait saio izanen ditu irailaren 28tik maiatzaren 30era bitartean, Jorge Urdánoz duelarik arduradun); eta “Zeinu-hizkuntza” ikastaroa, Iruñean irailaren 19tik azaroaren 21era eta Tuteran irailaren 20tik azaroaren 29ra, biak ala biak Sofía de Estebanen gidaritzapean. Eskaintzako azken ikastaroaren izena “Ibilbideak Nafarroako ondare geologikotik barna” da (irailaren 16tik urriaren 7ra), eta Francisco Javier Sanzek emanen du.