Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ekintzailetzako Proiektuak dituzten Ikasketa Amaierako Lanentzako Rural Kutxa Sarien beste edizio baten deialdia egin du, eta izena emateko epea urriaren 11n bukatuko da, 14:00etan. Sari horiek NUPeko titulazio ofizialetako gradu edo master amaierako lana 2022-2023 ikasturtean egin duten ikasleei daude zuzenduak.
Sari horien helburua unibertsitateko ikasleen ekintzailetzako jardueren hainbat alderdi aitortzea da, hain zuzen ere enpresa-proiektu bat sortzera bideratuak dauden, produktu edo zerbitzu berritzaile, sortzaile edo teknologikoen proposamenak dituzten edo teknologiaren edo ezagutzaren transferentzia eragin dezaketen ikasketa amaierako lanak egin dituztenena.
Sarien deialdia Nafarroako Rural Kutxak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak egiten dute. Modalitateetako bakoitzean (gradua eta masterra) 1.000 euroko lehen sari bat eta 500 euroko bigarren sari bat emanen dira.
Interesdunek NUPen erregistro elektronikoan aurkezten ahalko dituzte hautagaitzak, urriaren 11ko 14:00ak arte, eta, horrekin batera, Ikasketa Amaierako Lanaren ezaugarri nagusiak deskribatzen dituen memoria bat ere aurkeztu beharko dute (gehienez hamar orrialdekoa), epaimahaiaren ebaluazio irizpideei jarraikiz.
Sarien epaimahaiak honako alderdi hauek hartuko ditu kontuan: proposamenaren berrikuntza-maila, lehiarako abantaila, merkatuaren eta bezeroen ikuspegia, proiektuaren heldutasun maila eta lanaren diziplina anitzeko izaera.
Deialdiaren oinarri guztiak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko.