Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Diccionario biográfico del socialismo histórico navarro” lanaren seigarren liburukia argitaratu du. Ángel García-Sanz Marcotegui eta Ana María González Gil ikertzaileek idatzitako lanean, 634 gizon-emakumeren ibilbidea jasotzen du, modu batean edo bestean lotura izan zutenak ideologia horrekin (“r”-z eta “s”-z hasitako abizenak zituztenak jaso ditu). Liburua, Historia Bildumaren 43. zenbakiduna, Nafarroako Memoriaren Institutuarekin elkarlanean argitaratu da (Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusikoa). Paperezko monografia 28 euroren truke dago salgai, eta PDF formatukoa, aldiz, 20ren truke. Bertsio digital hori Unibertsitatearen online dendan laster erosi ahal izanen da.

zoom Ana María González Gil eta Ángel García-Sanz Marcotegui beren azken lanarekin, NUPek argitaratua.

Ana María González Gil eta Ángel García-Sanz Marcotegui beren azken lanarekin, NUPek argitaratua.

Liburuki berri honek, aurrekoek bezala, Nafarroako sozialismoaren buruzagien ibilbidea jasotzen du, probintzia-mailakoak, baina batez ere, herrietakoak, zeina ez baita oso ibilbide ezaguna, eta baita PSOEko eta UGTko beste militante batzuena ere. Egileek, azalpen biografiko bakoitzean, pertsona horietako bakoitzaren bizi-ibilbidea (jaiotza, ezkontza eta heriotza, datu horiek baldin badituzte), lanbidea, karguak eta idazkiak (halakorik baldin badute) deskribatzen dituzte, beren arazoak, ideiak eta abar ezagutarazteko. Horrez gain, jatorrizko dokumentuen erreprodukzioak eta argazkiak ere jasotzen dituzte.

2007an hasitako bilduma

“Diccionario biográfico del socialismo histórico navarro” liburuaren lehen liburukia 2007an argitaratu zen, sozialismoak Foru Komunitatean zer-nolako garapena izan duen ezagutarazteko. Lehenbiziko edizio hartan, Ángel García-Sanzek 220 nafarren bizi-ibilbidea kontatu zuen, denak ere sozialistak edo inoiz sozialismotik gertu ibilitakoak, a”-tik “f”-ra bitarteko iniziala zutenak abizenean.

Bigarren liburukia 2012an atera zen. Bertan, sarrera kopuru bikoitza atera zen, egileak ez baitzituen Nafarroan jaioak bakarrik sartu, eta Espainiako beste leku batzuetatik Foru Komunitatera iritsi eta bertan bizi izan zirenak ere hartu zituen kontuan. Osotara 424 izen bildu zituen, lehenbiziko abizenaren iniziala “g” eta “h” zutenak.

Hirugarren liburukia 2015ean argitaratu zen; 730 lagunen izenak bildu zituen, “i”-tik “l”-rako abizenak zituztenak; ordukoan, egilekide aritu zen Ana María González Gil, eta geroztik atera diren liburukietan ere hartu du parte. Laugarren liburukia 2019an atera zen inprentatik, eta 608 sozialistaren izenak bildu zituen, “m” eta “n” hizkiz hasitako abizena zutenak. Ondoren, bosgarren liburukia 2021ean amaitu zen, eta “o”-tik “q”-rako abizena zuten 478 lagunen erreseina bibliografikoak jaso zituen. Guztira, beraz, sei liburukiek 3.904 lagunen azalpen bibliografikoak jaso dituzte.

Egileak

Ángel García-Sanz Marcotegui Nafarroako Unibertsitate Publikoko ohorezko irakasle eta Historia Garaikideko katedradun izandakoak ikerketa-lan ugari idatzi ditu XIX. eta XX. mendeetako Foru Komunitateari eta Euskal Autonomia Erkidegoari buruz, eta 30 bat liburu ditu argitaratuak haietan oinarrituta. Hauek ditu azken lanak: “Liberales navarros a través de sus textos (1820-1823)” (2018), “La Confederación Liberal de la Montaña de Navarra (1836-1837)” (2020), “Tirso Lacalle. ‘El cojo de Cirauqui’ (1845-1920). Un contraguerrillero liberal navarro” eta “Liberales navarros en armas (1868-1876)” (2023).

Bestalde, Ana María González Gil Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Gizarte eta Kultura Antropologian UHUNen. Halaber, Historia, Espazio eta Ondareko Masterra egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoan.