Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduko ikasleek irailaren 4an (astelehena) hasiko dituzte 2023-2024 ikasturteko eskolak. Ostiralean, irailak 1, lehen mailan matrikulatutako ikasleek Ongietorri Jardunaldian hartuko dute parte. Informazio saio horretan, Unibertsitatean ikasten hasiko diren ikasleek aukera izanen dute erakundearekin lehenbiziko harremana izateko.
Halaber, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onetsi duen egutegi akademikoan, graduko titulazioetako eskolak eta ebaluazio jarraitua noiz izanen diren jaso da: irailaren 4tik heldu den urteko urtarrilaren 12ra arte, udazkeneko seihilekoari dagokionez, eta urtarrilaren 29tik maiatzaren 31ra arte, udaberriko seihilekoari dagokionez.
Gainera, errekuperazioko ebaluazioaldi bat ezarri da, urtarrilaren 18tik 27ra, udazkeneko seihilekorako, eta ekainaren 7tik 18ra, udaberriko seihilekorako.
Unibertsitate masterren kasuan, egutegiak ezartzen du eskolen hasiera eta ebaluazioaldia irailaren 4tik ekainaren 28ra arte izanen dela.
Oporrak eta jai akademikoak
Egutegiak ezartzen duenez, Eguberrietako oporrak abenduaren 23tik urtarrilaren 7ra izanen dira, eta Aste Santukoak martxoaren 28tik apirilaren 7ra. Apirilaren 19a Unibertsitatearen Eguna izanen da; beraz, bai ikasleek bai langileek jaieguna izanen dute.
Azkenik, honako jai akademiko partikular hauek ezarri dira: abenduaren 7a Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean; martxoaren 27a Zientzia Juridikoen Fakultatean; abenduaren 7a Osasun Zientzien Fakultatean; martxoaren 18a Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoan; martxoaren 27a Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean, eta maiatzaren 10a Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoan.