Joan eduki nagusira

David Garciandía Igal Zuzenbideko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduatuak Europar Batasuneko Zuzenbideko irakasgaia emanen du 2023-24 ikasturtean Oxfordeko Unibertsitatean (Erresuma Batua). Bertan ari da egiten doktoretza-tesia, Europar Batasunaren eta Txinaren arteko harremanean giza eskubideek duten lekuari buruzkoa. NUPeko egresatuak zeregin horiek egiteaz gain, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) erlijio edo sinesmen askatasunerako duen kontalari bereziaren ikerketa-laguntzaile aritzen da, unibertsitate bereko Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbideko katedradun Nazila Ghanearekin batera. 

David Garciandíak, zehazki, 1326an sortutako Oriel College izenekoan emanen ditu eskolak. Bertan, irakasgaiaren berezko saioez arduratuko da hiru taldetan. Hertford College historikoan ere emanen ditu eskolak. Eskola hori 1282an sortu zen, eta Garciandía bertako partaide da ikasle gisa; hor ikasitakoak dira pertsonaia ospetsu ugari, adibidez Thomas Hobbes filosofoa. “Eskerrak eman beharrean nago, eta harro, aukera honengatik; helburu hau ez nukeen inoiz lortuko nire familiaren babes leialik gabe”, adierazi du David Garciandíak.

Bestalde, kontalariarekin egiten duen lanean, bere zeregina NBEko Giza Eskubideen Kontseiluari sei hilean behin bidaltzen dizkion gaikako txostenak prestatzen laguntzea da. “Lanak baditu bere erronkak; izan ere, estatuei txostenetan gomendio orokorrak emateko, herrialde guztietan pentsatu behar da, eta haien artean, jakina, oso maila desberdinetan betetzen dira giza eskubideak”, esan du NUPek.

zoom David Garciandía Igal, NUPen.

David Garciandía Igal, NUPen.

Doktoretza-tesia eta Oxfordeko jarduera

David Garciandíak 2021ean hasi zuen bere tesia Oxfordeko Unibertsitatean, Nafarroako Gobernuaren beka batek finantzatuta. Ikerketa horren bidez jakin nahi du Txina nola eta zergatik hartzen ari den Europar Batasuneko giza eskubideen arau batzuk. Arau horietako batzuk hartzen ari da, hain zuzen, Europar Batasunak zuzenean sustatzen dituelako (adibidez, foro multilateraletan eraginez), edo zeharkako mekanismoen bidez, hala nola konpainia txinatarrak Europako merkatuan sartzeko  eskatzen diren lege-erreformen bidez. 

Doktoretzako lehenbiziko urtean, Garciandíak Oxfordeko Unibertsitateko Espainiako Elkartea sortu zuen (Oxford University Spanish Society), eta azken bi urteetan elkarte horren buru izan da. Horren bidez, hainbat motatako ekitaldiak antolatu dira, sozialak zein akademikoak, bai eta hitzaldiak ere Espainiako politikako eta diplomaziako pertsona ezagunekin. Oxfordeko Zuzenbide Fakultateko EBko Zuzenbideari buruzko Eztabaida Taldeko zuzendaria ere bada. Bertan, hamabost egunean behin, gonbidapena egiten diete Europa osoko irakasle garrantzitsu batzuei, abian duten ikerketa aurkez dezaten. 2022an, David Garciandíak Europar Batasuneko Zuzenbideko eskolak eman zituen Londresko SOAS Unibertsitatean. 

David Garciandíaren CVa laburki

David Garciandia Igalek (Iruñea, 1996), NUPek 2019-20an espediente hoberenari emandako aparteko saria lortu zuen, eta Cambridgeko Unibertsitatean (Erresuma Batua) Politikari eta Nazioarteko Ikasketei buruzko Ikerketa Masterra egin zuen Ramón Areces fundazioaren beka bati esker. Gainera, NUPeko Jaime Brunet fundazioaren 2021eko edizioko Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren Saria “ex aequo” irabazi zuen honako lan honengatik: “Los Derechos Humanos en China: el marco jurídico de la libertad religiosa y su aplicación práctica”. NUPen egon zen bitartean, hainbat eztabaida-sari jaso zituen, bai Unibertsitatean, bai nazioarteko lehiaketetan ere. Praktikak egin ditu Espainiak NBEn duen Ordezkaritza Iraunkorrean eta Garrigues legelari taldean.

David Garciandíak, bestalde, Iustelek editatutako “La libertad religiosa de los trabajadores: el deber empresarial de acomodación razonable como mecanismo de promoción de los derechos humanos” liburua idatzi zuen Aloisio C. Dos Santos Jr. epaile laboralista brasildarrarekin batera.