Joan eduki nagusira

Alonso Ríos Eraso industria-ingeniari eta Laneko Arriskuen Prebentzioko masterdunak bere doktoretza-tesian aztergai izan du ea Espainian Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea indarrean sartu (1995) eta 25 urtera hobekuntzarik lortu den ala ez. Lan horretan ondorioztatu duenez, “Espainiak balio absolutuak hobetu eta istripu hilgarrien intzidentzia murriztu du azterketa hasi zenetik; hala ere, Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, batez bestekoaren gainetik egon zen”.

zoom Alonso Ríos Eraso NUPen.

Alonso Ríos Eraso NUPen.

Tesiak helburu orokor bat izan zuen: istripu tasa aztertzea, lanaldi barneko lan istripuetan oinarrituta eta 20 urtetik gorako denbora-serieetan, aipatutako legearen eragina nabarmentzeko. Horretarako, bai Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak eta bai Europar Batasuneko Estatistika Bulegoak erregistratutako eta jakinarazitako istripu moten azterketa estatistikoa egin zuen.

Tesiak, “Análisis de la siniestralidad laboral: España-Navarra-Empresa multinacional de componente de automoción” izenekoak, Carmen Jarén Ceballos NUPeko Ingeniaritza Saileko katedraduna izan du zuzendari, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.

40 urtetik gorako gizona

Egileak adierazi duenez, “Espainiak balio absolutuak eta istripu hilgarrien intzidentzia-indizea hobetu ditu ikerketa hasi zenetik; hala ere, Europako beste herrialde batzuekin alderatuta (Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Frantzia, Espainia, Finlandia, Grezia, Italia, Irlanda, Portugal eta Suedia), batez bestekoaren gainetik egon da”. Estatuan, autonomia-erkidego guztiek murriztu zituzten lanaldi barneko istripu hilgarrien intzidentzia eta maiztasuna.

Lanaldi barneko lan istripuen tasaren erradiografiari dagokionez, Alonso Ríosen azterketak adierazten du istripuen % 98,78 arinak izan zirela, % 1,10 larriak eta % 0,1 hilgarriak. Lanaldian istripuz hildako pertsonen profil orokorra hau izan zen: gizonezkoa (guztizkoaren % 95), 10 urtetik beherako antzinatasuna duena (kasuen % 79,33), 40 urtetik gorakoa (kasuen % 67,96) eta, batez ere, eraikuntzaren eta nekazaritzaren sektore ekonomikokoa.

CV laburra

Alonso Ríos Erasok Industria Ingeniaritza ikasi zuen NUPen, Kudeaketa eta Antolamendu Industrialeko espezialitatea hain zuzen, eta Laneko Arriskuen Prebentzioko Masterra ere egin zuen (Laneko Segurtasuneko, Industria Higieneko eta Ergonomiako eta Psikosoziologiako espezialitateak) AINen eta Novagés Prevenciónen. Zientzia eta Teknologia Industrialetako doktoretza egin du NUPen. Horrez gain, bere prestakuntza-ibilbidean, segurtasuneko zuzendari izateko ikastaro bat egin du, gai arriskutsuak garraiatzeko ADRko segurtasuneko aholkulari izateko prestakuntza teknikoa du, baita Makinen Segurtasuneko Aditu Ziurtagiriaren titulua ere (CMSE).