Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Dr. Platypus and Ms. Wombat taldekoa den New Gravity Laws enpresak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute adimen artifizialak irakaskuntzan izan ditzakeen aplikazioei buruzko prestakuntza- eta ikerketa-jarduerak garatzeko. Honako hauek sinatu dute hitzarmena: Francisco Javier Arregui San Martín Ikerketako errektoreordea, NUPen ordezkari gisa, eta Carlos F. de Vigo, Dr. Platypus and Ms. Wonbat taldearen sortzaileetako bat eta bertako CEOa.
Ezkerretik eskuinera, Carlos F. de Vigo, Dr. Platypus and Ms. Wombat taldearen sortzaileetako bat eta bertako CEOa, eta Juan María Sánchez Prieto, I-COMMUNITAS ikerketa-institutuko zuzendaria.
Dr. Platypus and Ms. Wombat taldeak zinea eta esperientzia interaktiboak ekoiztea eta I+G-ko proiektuak garatzea du xede. NUP aritua da jada enpresa horrekin lankidetzan, adimen artifizialean oinarritutako bi ikerketa-proiektutan: “Emotional films”, Nafarroako Gobernuaren I+G-ko proiektu estrategikoen 2020ko deialdian finantzatua, eta “Inverso”, zeina onuradun izan baitzen transferentzia teknologikoaren arloko 2022ko deialdian. Gainera, NUPeko Historiako eta Ondareko Graduko ikasleek praktikak egin dituzte enpresan, adimen artifizial baten hezkuntza-prozesurako behar den dokumentazio historikoa lantzen.
Sinatutako hitzarmenak beste ekimen batzuetara zabaldu nahi du lankidetza. Testuak berak ezartzen duenez, xedea da “adimen artifizialak hezkuntzaren eremuan dituen aukeren ikerketa eta esplorazioa sustatzea, New Gravity Laws eta I-COMMUNITAS erakundeek bultzatutako prestakuntza- eta ikerketa-jarduera zehatzen bidez”.
Carlos F. de Vigo eta Juan María Sánchez Prieto adimen artifizialak dituen aplikazioetako batzuei buruz aritu dira erakustaldi baten bidez.
“Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan adimen artifiziala aplikatzeko aukerekin lotutako proiektuak abian jartzeko interesa duten eragileen arteko lankidetzarako eta topaketarako espazioak sustatzea” da hitzarmenaren helburua. Testuak zenbait jarduera zehatz aipatzen ditu, adimen artifizialaren eta hezkuntzaren arloko prestakuntzan eta ikerketan interes berezia dutenak. Ikasleen praktikez gain, hauek dira hitzarmenak barne hartzen dituen jarduerak: ikasketa-amaierako lanak garatzea, graduondoko tituluetan lankidetzan aritzea, jardunaldiak prestatzea, baterako ikerketa-proiektuak bultzatzea eta NUPeko ikasleek haietan parte hartzea.
Koordinazioko batzorde mistoa
Hitzarmenak lau urteko iraupena du. Akordioaren jarraipena egiteko eta garatu beharreko jarduerak adosteko, koordinazioko batzorde misto bat eratuko da. I-COMMUNITAS institutuko bi pertsonak eta Dr. Platypus and Ms. Wombat enpresa taldeko beste bik osatuko dute batzorde hori.