Zahra Ballouk Guourar Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Lehen Hezkuntzako Irakasletzako gradudunak (euskarazko taldea) adopziozko familiek eta beren seme-alabek eskolan dituzten premiei buruz egin du bere Gradu Amaierako Lana (GAL), Javier Monzón González Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakaslearen zuzendaritzapean. Nafarroako Adopziozko Familien Elkartearekin lankidetzan egin du lana (AFADENA), eta familia horien ikuspuntua izan du ardatz.


Ezkerretik eskuinera: Blanca Burusko AFADENA elkartearen presidentea, Zahra Ballouk egresatua eta Javier Monzón lanaren tutorea.
Zehazki, lanaren helburua haurren eskaera sozialak eta curriculumarekin lotutakoak ezagutzea zen, adopziozko familiek beren premiei buruz zituzten iritziak biltzea eta arreta-protokolo espezifiko bat proposatzea. GALean jasotzen den bezala, familiek azpimarratu dute premiazkoa dela haur horiek adopzioaren aurretik izandako babesgabetasunak eragin ditzakeen zenbait alderdi lantzea eskolan, hala nola autoestimua, egoera sozioemozionala, arreta eta hizkuntzarekiko arazoak. Gainera, adierazi dutenez, ikasle horiek beharrezkoa dute irakasleekin lotura egonkorra izatea eta beren egoeragatik juzgatuak ez izatea. “Oso garrantzitsua da bai ikasleen arteko eta bai ikasleen eta irakasleen arteko loturak sendotzea, harreman horiek errazteko, kohesio dinamiken bidez”, aipatu du Zahra Balloukek.
Familiek nabarmentzen dute, halaber, entzunak izateko premia dutela, beren semea edo alaba arreta integrala jasotzen ari dela jakitekoa eta ikastetxeak haien egoera eta beharrak ulertzen dituela ziurtatzekoa. “Azken batean, familiek presentzia izan beharko lukete eskolan, ez bakarrik beren seme-alabei buruzko informazioa jaso”, azaldu du lanaren egileak. “Funtsezkoa da familiarekiko lankidetzan aritzea eta komunikazioa izatea, modu horretan ikasgelako esku-hartzea koordinatu eta doitu baitaiteke, betiere ikuspegi inklusiboarekin. Etengabeko komunikazioa edukitzeak esku-hartzea eta ebaluazioa errazten ahal ditu” adierazi du.
Azkenik, familiek nabarmendu dute irakasleek eta adingabeekin lan egiten duten ikastetxeko beste profesional batzuek prestakuntza egokia izan behar dutela, baita ongi ezagutu ere ezbeharraren bizipen goiztiarrak ikasle adoptatuen ikaskuntzan eta sozializazioan izan dezakeen inplikazioa eta eragina.
Eskola inklusiboagoa izateko protokoloa
Zahra Balloukek bere lanean adierazten du beharrezkoa dela ikastetxeetan ikasle adoptatuekin esku hartzeko protokolo baterako proposamen bat sortzea, familiaren eta haurraren premiak kontuan hartuko dituena eta inplikatutako alderdien arteko nahitaezko lankidetza ere jasoko duena. Azaldu duenez, protokolo hori beharrezkoa da inkestan parte hartu duten familia gehienek ez dutelako uste ikastetxeek eskaintzen dieten esku-hartzea egokia denik. “Haurrei bezala, adopziozko familiek ere entzun eta uler diezaieten behar dute, gizartearen juzgurik eta kritikarik jaso gabe. Hori dela eta, eskola inklusibo bat espero dute, non ikasle guztiak onartu, errespetatu, ulertu, baloratu eta aintzat hartuko baitira”, azpimarratu du NUPeko egresatuak.