Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Banco Santanderrek, Santander Universidades programaren bitartez, mugikortasun programetan parte hartuko duten graduko 98 ikasleentzako bekak banatu dituzte gaur, ekainak 30. Laguntza gehienak, 82 hain zuzen, “Santander Estudios Bekak / NUP / Erasmus ez diren nazioarteko mugikortasun egonaldietarako” deialdiari dagozkio (programa hauek hartzen ditu barne: Palafox, Martín de Rada, ISEP USA, ISEP Nazioartekoa eta Aldebiko hitzarmenak), eta gainerako 16ak, berriz, “Santander Estudios Bekak / Erasmus” deialdiari (hots, helmuga Europan duten mugikortasun programak).
Ikasle bekadunak, NUPeko Sario eraikinean, NUPeko eta Banco Santanderreko ordezkariekin. Aurrean, ezkerretik eskuinera: Inés Abendaño Barcos, Banco Santanderren Erakundeetako zuzendaria Nafarroan; Ramón Gonzalo, Unibertsitateko errektorea, eta Jorge Elso Torralba, Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordea.
Ekitaldia Nicolás García de los Salmones aretoan egin da (Olibondoak eraikina, Arrosadiko campusa), eta honako hauek izan ditu buru: Ramón Gonzalo, Unibertsitateko errektorea; Inés Abendaño Barcos, Banco Santanderren Erakundeetako zuzendaria Nafarroan; eta Jorge Elso Torralba, Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordea. Bi erakundeek irakaskuntzaren, ikerketaren, kudeaketaren, transferentziaren eta nazioarteko proiekzioaren arloan 1999. urtetik duten lankidetza-hitzarmenaren esparruan eman dira laguntzak. Hitzarmen hori martxoan berritu zen.
Ikasle onuradunek 2023-2024 ikasturtean hasiko dituzte atzerriko egonaldiak. Batzuk sei hilabetez egonen dira kanpoan, eta beste batzuk ikasturte osoan.
Programak eta herrialdeak
98 beketatik, 57 Palafox programakoak dira (Latinoamerikarekin egiten da trukea), 16 Erasmus programakoak, 13 NUPek atzerriko unibertsitateekin dituen aldebiko hitzarmenetakoak, 7 ISEP programakoak (Estatu Batuak) eta 5 Martín de Rada programakoak (Asia).
Oraingo honetan, bekek 24 herrialde dituzte helmugatzat. Ikasle gehien hartuko dituztenak Txile (20), Mexiko (12), Argentina (13) eta Estatu Batuak (9) dira, eta, gero, Kolonbia (6) eta Brasil (5). Hauek dira ikasleak hartuko dituzten gainerako herrialdeak: Alemania, Australia, Errumania, Finlandia, Frantzia, Hego Korea, Hungaria, Italia, Kanada, Polonia, Portugal, Suedia, Txekiar Errepublika, Txina eta Uruguai.