Alemaniako, Herbehereetako, Hungariako eta Espainiako zenbait adituk emandako tailerrek eta hitzaldiek osatuko dute Asociación Navarra Mitxelena elkarteak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin eta EASC elkartearekin elkarlanean antolatutako “Aholkularitza-lana garai nahasietan” nazioarteko jardunaldien programa. Saioak irailaren 1ean eta 2an izanen dira, Sario eraikinean, eta uztailaren 31n amaituko da izena prezio murriztuan emateko epea.
Jardunaldiak laguntzaren arloarekin lotutako edozein esparrutako profesionalei daude zuzenduta (psikologikoa, soziala, hezkuntzakoa, lan-orientaziokoa, gainbegiratzearen arlokoa, osasunekoa edo enpresakoa). Jesús Hernández Aristuren hitzetan —Asociación Navarra Mitxelena elkarteko buru eta NUPeko irakasle erretiratua—, “saioak diseinatuta daude ziurgabetasunez betetako mundu honetan profesional horiek egiten duten ekarpena indartzeko. Hausnarketa-hitzaldiak egonen dira, Europako esperientziak trukatuko dira, eta teknika eta lan-metodo berritzaileei buruzko prestakuntza eskainiko da pertsonei, familiei, erakundeei eta zuzendaritzako langileei aholku emateko lanean efizientzia handitzen laguntzeko”.
Asociación Navarra Mitxelena elkarteak sustatzen ditu jardunaldiak, bere 30. urteurrenaren karietara. Elkarte hori aitzindaria da Espainian gainbegiratzearen, coachingaren eta aholkularitzaren arloko profesionalen prestakuntzan. Jardunaldietara joateko matrikula 95 eurokoa da abuztuaren 1a baino lehen eginez gero, eta 120 eurokoa egun horren ondoren. Ikasleek eta langabeek 55 euroko prezioa izanen dute. Interesdunek Mitxelena elkartearen webgunera jo behar dute programa kontsultatzeko eta izena emateko.
Hitzaldiak eta tailerrak
Jesús Hernández Aristuk programatu diren bi hitzaldietatik lehena emanen du; hitzaldiaren izenburua, hauxe: “Aholkularitza-lana garai nahasietan: erronkak, beharrak eta esperientziak. Nola erantzun aholkularitzaren arlotik”. Adierazi duenez, “hitzaldia garai bateko segurtasunik edo ziurtasunik gabe bizitzeak eragiten duen desorientazioaren aurrean aholkulariek egiten duten lan garrantzitsua” ulertzera dago bideratuta: “nola bizi, harremanak izan, lehiatu, gatazkak gainditu, gainerakoen artean bereizi, zuzendaritza-lana egin, lankidetzan aritu edo norbera izan gaur egungo garai zurrunbilotsuetan”.
Bigarren hitzaldia Susanne Rieger EASCko buruak emanen du, eta hau du izenburua: “Europa osoan aitortua eta kalitatezkoa izanen den aholkularitza sozialari buruzko prestakuntza baterantz. Oztopoak eta ikuspegiak”. Gainbegiratzearen, coachingaren eta aholkularitzaren arloko jarduera profesionalizatzeko bidean egindako aurrerapenei buruz arituko da.
Jardunaldietan izena ematen dutenek aukera izanen dute eginen diren zortzi tailerretatik bitara joateko. Tailer bakoitzak bi orduko iraupena izanen du.