Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2023an hobetu egin du bere puntuazio orokorra Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) lortzeko ekarpenari dagokionez, Times Higher Education aldizkariak egindako THE Impact Rankings zerrendaren arabera. Zehazki, NUPek 100etik 75,9ko puntuazioa lortu du aurten; 2022an 75,7 puntu lortu zituen, eta 2021ean 73,8. Ranking globalean, unibertsitatea 1.591 unibertsitateren artean lehenbiziko 300-400 unibertsitateen blokean dago, hau da, % 25 hoberenen artean. GJHak betetzeari dagokionez, erakundea 2. helburuan nabarmentzen da (“Goserik ez”), rankingean % 3 hoberenen artean baitago, zehazki 40. postuan.
Beste GJH batzuei dagokienez, NUP 101-200 postuak hartzen dituen blokean dago 1. GJHan (“Pobreziaren bukaera”) eta 16. GJHan (“Bakea, justizia eta erakunde sendoak”). Gainera, lehen 201-300 unibertsitateen artean ageri da 4. GJHan (“Kalitatezko hezkuntza”), 5. GJHan (“Genero-berdintasuna”), 8. GJHan (“Lan duina eta hazkunde ekonomikoa”), 9. GJHan (“Industria, berrikuntza eta azpiegitura”), 11. GJHan (“Hiri eta erkidego jasangarriak”) eta 15. GJHan (“Lurreko ekosistemetako bizia”). Gainerako helburuetan, NUP lehen 301-400 unibertsitateen blokean dago.
NUPek 2. GJHaren esparruan (“Goserik ez”) duen jardueraren adierazleen artean, ranking honek zenbait alderdi hartzen ditu kontuan, hala nola gai horri buruz egindako ikerketak, titulazioen zer ehunekok duen lotura nekazaritza-eremuarekin, campusean zenbat janari galtzen ote den alferrik eta zein den herrialde horretako ikasleen eta oro har biztanleen gose maila. NUP da dimentsio horretan ebaluatutako Espainiako unibertsitate bakarra.
Unibertsitateek egindako ekarpena neurtzearren Times Higher Education aldizkariak egiten duen balorazio horretan, erakundeek berek erabakitzen dute kanpoko ikuskaritzara aurkeztea. Hori horrela, NUPek bere burua aurkeztu zuen, erakundeak 2030 Agendako helburuak lortzeko konpromisoa baitu, Plan Estrategikoan ere jasoa duen moduan. Ezarrita dauden 17 GJHetan egiten da NUPi buruzko balorazioa.