Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatearen bitartez, “Huarte de San Juan. Geografia eta Historia” aldizkariaren beste zenbaki bat (30.ena) argitaratu berri du, 2023koa, Álvaro Baraibar Echeverría, Carlos Ciriza Mendívil eta Gemma Piérola Narvarte irakasleek editatua. Aurtengo zenbakia sarbide irekian dago kontsultatzeko, eta Francisco de Vitoria Unibertsitateko Diego Martínez López irakasleak koordinatutako dosier bat dakar berekin, Gerra Zibilari eta frankismoari buruzkoa.

zoom NUP.

NUP.

Aipatutako monografikoaz gain, aldizkariak askotariko gaiei buruzko sei azterlan eta zortzi libururen erreseinak biltzen ditu. Azterlanen artean honako hauek daude: “Boterearen entzutezko dimentsioa Gaztelako erresumako hiriguneetan Behe Erdi Arotik modernitate goiztiarrera bitarte” (Gisela Coronado Schwindt, Mar del Platako Unibertsitatekoa, Argentina), “Mulato «superstiziosoa» eta kapitain «damutua»: erresistentzia eta asimilazio kulturala inkisizioaren salaketa batean, Nuevo Santander, 1775” (Julio César Martínez Velarde, El Colegio de México unibertsitatekoa, Mexiko), “Emakumeen adulterioari eta dibortzio eklesiastikoari buruzko begiradak lau aztergaitan. Galizia Berria, XVIII. mendearen amaiera” (Norma Aide Macias Moya, El Colegio de San Luis unibertsitatekoa, Mexiko), “¡Ay, de mí llorona! que ayer maravilla fui y ahora ni sombra soy. Llorona memoria kolektiboaren eta iruditeria sozialaren parte gisa 'son jarocho' delakoan” (María Arcelia Hernández Cázares, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomokoa, Mexiko), “Frankismoaren hastapenak Rodeznoko kondearen bi obra argitaragabetan” (Juan Cruz Alli Aranguren, NUPekoa) eta “José Rodríguez-Medel komandantearen hilketa: datu berriak” (Miguel José Izu Belloso).

Gatazka, biziraupena, emakume errepresaliatuak eta espetxeak

Esan bezala, zenbaki berriak Gerra Zibilari eta frankismoari buruzko dosier bat dakar, garai historiko horrekin lotutako zenbait gai jorratzen dituena. Zehazki, Daniel Raya Crespi Bartzelonako Unibertsitateko ikertzaileak hurbilketa metodologiko bat egiten du Espainiako Gerra Zibileko esperientzia belikoa lehen mailako iturrien bidez aztertzeko. Óscar López Acón Zaragozako Unibertsitateko ikertzaileak, bestalde, Zaragozako Cinco Villas eskualdean gerraren ondorioen, sozializatzeko moduen eta jende arruntak bizirauteko hartutako jarreren arteko erlazioa lantzen du bere artikuluan. Bestetik, Antonio Pérez Embeita, Aritz Onaindia Martínez eta Jon Penche González Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek emakumeek Bilbon sufritutako errepresio frankista aztertzen dute, bereziki Orue txaleta ardatz hartuta, hots, Bilboko Probintzia Espetxeak gerraostean prestatu zuen emakumeentzako kartzela.

Horrez gain, María de los Llanos Pérez Gómez Gaztela-Mantxako Unibertsitateko irakasleak Mantxako gerrilla antifrankistarekin kolaboratzeagatik errepresaliatutako emakumeen kasuari heltzen dio, eta, azkenik, Santiago Vega Sombría Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko ikertzaileak frankismo berantiarreko kartzelen errealitatea aztertzen du.

Zenbaki honetako liburu erreseinak

Zenbaki honetan zenbait libururen erreseinak jasotzen dira. Esaterako, Elena Laura Oncescuk (Târgovișteko Valahia Unibertsitatea, Errumania) “Cromwell contra el imperio español” liburuari buruzkoa egin du, eta Mónica Yanguas Muñozek (Madrilgo Carlos III Unibertsitatea), berriz, “La nobleza titulada castellana en la conservación del imperio español en tiempos de Carlos II” lanari buruzkoa (Porfirio Sanz Camañesek idatzi ditu bi liburuak). Bestalde, Roberto Muñoz Bolañosek (Atlantikoko Unibertsitatea eta Camilo José Cela Unibertsitatea) “Historia de las derechas en España” aztertu du (Antonio Riverarena).

Beste erreseinetako bat Carlos M. Rodríguez López-Break idatzitako “Los pasos perdidos del catolicismo español. Los católicos y la política española del Siglo XX” liburuarena da, Natalia Rodríguez Bargueño ikertzaileak egina (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea), eta Ángel Organero Merino irakasleak (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea), aldiz, Daniel Oviedoren “El enemigo a las puertas. Porteros y prácticas acusatorias en Madrid (1936-1945)” aztertu du. Bestalde, Juan Carlos García Funesek (NUP) César Layanaren “Expolio y castigo: la represión económica en Navarra, 1936-1945... 1966” lana analizatu du, eta Pedro Oliver Olmok (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea) “Los nadies de la guerra de España” izenekoa. Azkenik “Fer front. Resistència al servei militar i antimilitarisme a Catalunya (1971-1989)” liburuaren erreseina ere jasotzen da, Mario López Martínezek eta Andrés López-Estapék egina (Granadako Unibertsitatea).