Joan eduki nagusira

Ritxar Arlegi Pérez (Iruñea, 1967) Ekonomia Saileko Analisi Ekonomikoaren Hastapenetako irakasle titularra izendatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ikasleen Arloko zuzendari. Ritxar Arlegi Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (1991), eta Ekonomiako doktoretza lortu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (1999), doktoretza-sari berezia eta guzti. Egonaldiak egin ditu British Columbia Unibertsitatean (Kanada) eta Kaliforniako Unibertsitateko Riversideko campusean. 

Eskolak eman ditu Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko titulazio guztietan, gradukoetan nahiz graduondokoetan, izan gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez. Gaur egun, irakaskuntzako berrikuntzako bi proiektutan dihardu.

zoom Ritxar Arlegi, NUPen.

Ritxar Arlegi, NUPen.

Ikerketarako arlo hauetako interesak ditu: erabaki indibidualaren teoria, hautaketa sozialaren teoria, ekonomia esperimentala eta kirolaren ekonomia. 1999az geroztik, artikulu zientifikoak argitaratzen ditu erregularki nazioarteko aldizkari entzutetsuetan, besteak beste, European Journal of Operational Research, Journal of Economic Theory eta Journal of Economic Behaviour and Organization aldizkarietan. 2010ean ikerketa-bikaintasuna aitortzen duen Consolider saria jaso zuen. Doktoretza-tesi bateko zuzendari izan da, eta, gaur egun, NUPeko SEED ikerketa-taldeko eta Ikerketako Plan Nazionalaren proiektu bateko ikertzaile nagusia da.

Kudeaketaren ikuspegitik, NUPeko Ekonomia Saileko zuzendariorde izan da bi alditan (2011-2012 eta 2016-2018), eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanordea 2012tik 2016ra. NUPeko Hizkuntza Plangintzako Batzordeko kide ere izan da 2007tik 2016ra. 

Ebaluazioaren arloan, Ebaluaziorako Euskal Agentziarentzat (Unibasq) lan egin du irakasleen ebaluatzaile gisa, bai eta euskal unibertsitateetan irakaskuntza ebaluatzeko sistemak ezartzeko ebaluatzaile gisa ere. Ikerketako Plan Nazionaleko proiektuen ebaluatzaile ere aritu izan da Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalarentzat (ANECA).