Nafarroako Unibertsitate Publikoak “UPNA Green Smart & Sustainable Campus” proiektua abian jarri, eta Arrosadiko campuseko eraikin eta instalazioetan plaka fotovoltaikoak instalatzeko obrak esleitu ditu. Nafarroako MB Solar (Metallbauen Solar SL) enpresari esleitu zaizkio obra horiek, eta Solar UPNA ABEEak —Montajes Eléctricos Alba SAL, Montajes Eléctricos NOI SAL eta Telman Talleres Eléctricos enpresek osatua— hartuko ditu bere gain instalazio fotovoltaikoak banaketa-sarera konektatzeko goi-tentsioko lanak. Esleipen horien guztizko zenbatekoa 2,25 milioi eurotik gorakoa da (BEZik gabe), eta instalazio-lanak ekainean hastea aurreikusi da.
Jarduera hori “UPNA Green Smart & Sustainable Campus” proiektuaren parte da. Proiektu horrek campus jasangarri eta adimenduna bihurtuko du NUP, % 30 baino gehiago murriztuko baitu berriztagarriak ez diren iturrietatik datorren energia primarioaren kontsumoa. Plaka fotovoltaikoez gain, proiektu horrek aurreikusten du 2024an baterien sistema bat jartzea energia elektrikoaren soberakinak metatzeko.
Proiektuak 3,8 milioi euroko jarduketak ditu aurreikusiak, eta gehienak (3,1 milioi) Europar Batasuneko Next Generation Funtsen Errekuperazio eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatuko ditu, Eraikin Publikoak Berritzeko Planaren barrenean. 2022ko ekainean, hitzarmen bat sinatu zuten Unibertsitateak eta Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak, zeinak Espainiako Gobernuaren Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren funtsak transferituko baitizkio NUPi.
Eraikinak eta autokontsumo elektrikoa
Proiektuaren arabera, 3,5 MWp inguruko modulu fotovoltaikoak instalatuko dira campuseko eraikinetan, eta urtean 3,9 GWh elektrizitate sortuko dute gutxi gorabehera. Elektrizitate horretatik, % 80 baino gehiago campusean kontsumituko da, eta, horri esker, campuseko autokontsumo elektrikoa % 45etik gorakoa izanen da, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuetan kontsumituko den energia barne dela. Azkenik, campusean kontsumitzen ez den energia, hau da, tamaina ertaineko 250 etxebizitza ingururen kontsumoaren kantitate baliokidea, sare elektrikora eramanen da.
Plakak Arrosadiko campuseko eraikin guztietan instalatuko dira (Ikasgelategia, Intxaurrondoak, Kafetegia, Jantokiak, Tailerrak, Soforak, Errektoretza, Haginak, Pinuak, Olibondoak, Gorostiak, Gurbitzak, Magnoliak, Arteak eta Sario), baita kirol-instalazioetan eta praktiketarako etxaldean ere.
Instalazio fotovoltaikoko obra horien esleipena 2.253.381,29 €-koa izan da, eta horren barnean sartzen dira berme-aldian enpresa esleipendunak egin behar dituen mantentze-gastuetarako 31.662 €.