Joan eduki nagusira

Daniel Oviedo Silva Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak “El enemigo a las puertas. Porteros y prácticas acusatorias en Madrid (1936-1945)” liburua argitaratu du Comares argitaletxearen eskutik. Lan horrek aztergai du nolako eginkizuna izan zuten atezainek Gerra Zibilari hasiera eman zion estatu kolpearen osteko eta diktadura frankistaren hasierako indarkeriazko eta zaintzazko testuinguruan. Azterlanean azaltzen denez, hiriko eraikinetako atezainek bizilagunei buruzko informazio asko zuten, eta, hala, liburuan haien akusaziozko jardunak deskribatzeaz gainera, zehaztasunez jasotzen da nolako eginkizuna izan zuten atezainek unean uneko agintariek (hasiera batean errepublikanoek eta gerraren ondoren frankistek) jazarritako pertsonak babesteko; horrek,, aldi berean, susmagarri eta etsai potentzial bihurtu zituen atezainak. Paul Preston hispanistak egin du liburuaren hitzaurrea, eta egilearen doktoretza-tesiaren egokitzapen hori “harrigarriki originala” dela aipatzen du bertan. 

“El enemigo a las puertas” hiru partetan dago egituratua, eta, lehenbizikoan, ibilbide bat egiten du atezaindegien eta gizon-emakume horien lanbidearen historian zehar, baita aztertu ere haiek nolako eragina izan zuten bizitza sozialean Alfontso XII.aren erregealditik hasi eta Gerra Zibila piztu zen arte. Liburuaren bigarren parteak gerraren hasiera du hizpide, eta bertan, egileak azaltzen duenez, atezainek eginkizun bikoitza izan zuten: batzuek kolpisten aldekoak izan zitezkeen pertsonen aurkako akusazioak helarazi zizkioten miliziano, komite edo agintari errepublikazaleei (arrazoi politikoak edota etsaitasun pertsonalak zirela kausa), eta beste batzuek, berriz, zaintzen zituzten eraikinak eta bertan bizi zirenak defendatzea erabaki zuten, nahiz eta horrek beren bizitza arriskuan jartzea ekarri. Bigarren parte horretan, gainera, Daniel Oviedo Silva idazleak García Atadellen brigadarekin elkarlanean aritu zen atezain talde bat aztertzen du; izan ere, brigada hori Segurtasun Zuzendaritza Nagusian txertatua egon zen, eta, praktikan, benetako “mikroindar” iraultzaile gisa funtzionatu zuen. 

zoom Daniel Oviedo, NUPen.

Daniel Oviedo, NUPen.

Heroiak, traidoreak edo kolaboratzaileak?

Liburuaren hirugarren eta azken partea gerraostean atezain lanbidea nolakoa izan zen azaltzen duten kapitulu batzuek osatzen dute. Haietan, egileak ibilbide bat egiten du hiriburuko atarietan zehar, frankismoan egindako garbiketa politikoko prozesuen bitartez. Egileak azaltzen du agintariek pertsona horietako batzuk zigortu edo saritu egin zituztela gerran izandako jarreragatik (adibidez, Madrilgo Udalak ezarritako fideltasunaren domina emanez). 

Azken atal horretako epigrafeetako baten galderari erantzunez (“Heroiak, traidoreak edo kolaboratzaileak?”), egileak erakusten du zaila dela atezainak kategoria uniboko batean kokatzea, askotan poliziak edo agintariek hertsatu egiten baitzituzten, baita haietaz baliatu ere. Gainera, liburuan azaltzen den bezala, bizilagun batzuek langile horiek salatu izan zituzten, eta beste batzuek defendatu egin zituzten botere politikoaren aurrean. Beste batzuek prozesu, aldiz, errepresaliak sufritu zituzten, hala nola auzipetzeak, zigorrak eta kanporatzeak. 

Liburuak, bestalde, gerraosteko atezainek eta maizterrek bereiz erantzun beharreko galdetegien, fitxen eta txostenen ereduak jasotzen ditu, baita epaitegietako funtzionarioek bete beharreko fitxak eta kontzentrazio esparruetako sailkapen orriak ere. 

Laburbilduz, Helen Grahan hispanistak adierazten duen bezala, “lehenbiziko orrialdetik irakurlea harrapatzen duen prosa arin eta magnetiko batekin”, Daniel Oviedok eraikinen atarietatik abiatuta ekarpen berritzailea egiten dio errepublikanoen atzegoardiako eta estatu frankista berriko indarkeriari buruzko ezagutzari.

Daniel Oviedoren CV laburra

Daniel Oviedo Silva (Segovia, 1988) Hispaniar eta Latinoamerikar Ikasketetan doktorea da Nottinghameko Unibertsitatean (Erresuma Batua). Historian lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (UCM), eta ikerketako egonaldiak egin ditu Córdobako Unibertsitate Nazionalean (Argentina), Txileko Pontifize Unibertsitate Katolikoan eta

Espainiako Gobernuak eta Europar Batasunak finantzatutako zenbait proiektuetan parte hartu du, esaterako “Memosur: A lesson for Europe: Memory, Trauma and Reconciliation in Chile and Argentina” izenekoan. Halaber, Espetxearen eta Zigor Erakundeen Historiari buruzko Ikerketa Taldeko kidea da. Bere argitalpen nagusiak honako hauek dira: “Madrid, una ciudad en guerra (1936-1948)”, Alejandro Pérez Olivaresekin batera egina, eta “Relatos infames: breves historias de crimen y castigo”, Ignacio Mendiolarekin batera. Lan ildo asko jorratu ditu, hala nola indarkeria politikoaren historia, gatazka sozialaren azterketa eta mundu hiritar garaikideko kontrola. Gaur egun, Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentazio Funtseko ikertzailea eta NUPeko irakasle elkartua da.