Joan eduki nagusira

Ramón Gonzalo García Seinalearen Teoriako eta Komunikazioetako katedraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektore karguaz jabetu da gaur, ekainak 2, ostirala. Ekitaldi instituzionala, zeinean María Chivite Navascués Nafarroako jarduneko lehendakaria aritu baita buru, Sario eraikineko Fernando Remacha ikasgelan egin da, eta bertan Foru Komunitateko irakaskuntzaren, politikaren eta gizartearen eta ekonomiaren esparruko ordezkariek eta beste erkidego batzuetako unibertsitateetako agintariek hartu dute parte, baita senitartekoek eta Unibertsitateko komunitateko kideek ere. Ramón Gonzalo martxoaren 30eko hauteskundeetan hautatu zuten beste behin.

zoom Ramón Gonzalo errektorea karguaz jabetu da.

Ramón Gonzalo errektorea karguaz jabetu da.

Halaber, ekitaldian hurrengo urteetan Ramón Gonzalorekin batera Unibertsitatearen kudeaketan lan eginen duten zuzendaritza-taldeko kideak jabetu dira beren karguaz. Hauek dira: Francisco Javier Arregui San Martín, Ikerketako errektoreordea; Inés Olaizola Nogales, Irakasleen Gaietarako errektoreordea; Martín Larraza Kintana, Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordea; Cristina Bayona Sáez, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; Edurne Barrenechea Tartas, Garapen Digitaleko errektoreordea; Begoña Pérez Eransus, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea; Inmaculada Farran Blanch, Irakaskuntzako errektoreordea; Jorge Elso Torralba, Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordea; eta, azkenik, Roldán Jimeno Aranguren, idazkari nagusia. Bestetik, Unibertsitatearen kudeatzaileak ere hartu du bere kargua, hau da, Joaquín Romero Roldán jaunak. Aurreko errektoretza-taldeko kide guztiek beren karguetan jarraituko dute.

Pertsonak, NUPen ardatz nagusia

Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak bere hitzaldian adierazi duenez, “harro, hunkitua eta ohorez betea” sentitzen da kargua berriro hartzeagatik, eta konpromisoa hartu du bere ezagutza, zintzotasuna, independentzia eta lanerako gaitasuna Unibertsitatearen zerbitzura jartzeko, Nafarroako gizartearen indargune modura finkatu dadin.

zoom Ramón Gonzalo bere zuzendaritza-talde berriarekin. Ezkerretik eskuinera: Roldán Jimeno, Inmaculada Farran, Martin Larraza, Francisco Javier Arregui, Ramón Gonzalo, Inés Olaizola, Cristina Bayona, Begoña Pérez, Jorge Elso eta Joaquín Romero.

Ramón Gonzalo bere zuzendaritza-talde berriarekin. Ezkerretik eskuinera: Roldán Jimeno, Inmaculada Farran, Edurne Barrenechea, Martin Larraza, Francisco Javier Arregui, Ramón Gonzalo, Inés Olaizola, Cristina Bayona, Begoña Pérez, Jorge Elso eta Joaquín Romero.

Ramón Gonzalok adierazi du pertsonek NUPen ardatz nagusi izaten jarraituko dutela, apustua egin du legegintza-aldaketa berriak, bereziki Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organiko berria, etorkizuneko Nafarroako Unibertsitate Publikoa eraikitzeko palanka gisa erabiltzearen alde. Ildo horretan, azaldu du eredu berri hori irakaskuntza-modu berrietara eta ikaskuntza-guneetara egokitu behar dela; bizitza osoan zehar gaitasunak eta trebetasunak integratu behar dituela; kalitatezko ikerketa baterantz aurrera egin behar duela nazioarteko beste erakunde eta sare batzuekin loturak eginez; premia berrietara egokitutako administrazio moderno bat finkatu behar duela; eta, azkenik, gizartearekiko konpromiso argia erakutsi behar duela, Nafarroako aurrerapen sozial eta ekonomikoaren eragile bihurtzeko.

Errektoreak Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari eskatu die NUPentzako eredu hori gauzatzeko konpromisoa har dezatela, NUP “Nafarroa osoaren ondarea baita”. Horri dagokionez, Gonzalok proposatu du Unibertsitateari buruzko Foru Lege bat sortzea, eta lege hori “berritzailea eta bideratzailea” izatea, baita NUPen hazkundearen eta bilakaeraren “gidari eta katalizatzaile” gisa jardutea ere. “Lege horrek aukera emanen du gure erakundea, Nafarroako gizarteari zerbitzu emateko duen eginkizunari leial izanik, Nafarroako garapen sozial, kultural eta ekonomikoan erreferente eztabaidaezin gisa kokatzeko eta finkatzeko”, adierazi du Ramón Gonzalok.

zoom Ekitaldia Fernando Remacha aretoan egin da.

Ekitaldia Fernando Remacha aretoan egin da.

Bestalde, María Chivite Nafarroako jarduneko lehendakariak errektorea zoriondu du karguan jarraitzeagatik, eta erakundearen aurreko lau urteetako mugarrien errepasoa egin du. Beste gauza batzuen artean, nabarmendu du abian jarri izana Medikuntzako Gradua, Ingeniaritza Termikoko Gradu Duala eta Tuterako campuseko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako eta Fisioterapiako Gradu Bikoitza. Halaber, NUP Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organiko berrira (LOSU) egokitzeak ekarriko duen erronka nabarmendu du, eta adierazi du, “horretarako funtsezkoa izanen dela erakundeen arteko lankidetza”.

Bestalde, lehendakariak aipatu du NUPek zeregin berezia duela berdintasunezko gizarte demokratikoago bat sortzen, “unibertsitateko ikasketak egiteko aukera eman baitie beste modu batean hori ezinezkoa izanen zutenei”. Azkenik, errektoreak eta bere taldeak hasiko duten agintaldian “Nafarroako Unibertsitate Publikoaren helburu nagusia egiaren, espiritu kritikoaren eta askatasunaren defentsa izatea” nahiko lukeela esan du.

Ekitaldi instituzionala

Ekitaldia segizio akademikoaren desfilearekin hasi da, Ramón Gonzalo errektorea aurretik zihoala. Aretoan sartu da, María Chivite Navascués Nafarroako jarduneko lehendakaria eta Unai Hualde Iglesias Parlamentuaren jarduneko lehendakaria lagun zituela, “Erreinura sartzeko martxa” entzuten zen bitartean.

zoom Nafarroako jarduneko lehendakaria, hitzaldia ematen.

Nafarroako jarduneko lehendakaria, hitzaldia ematen.

Ondoren errektore karguaz jabetzeko ekitaldia hasi da. Ramón Gonzalok karguaren zina egin ondoren, María Chivite jarduneko lehendakariak aginte makila eman dio, “Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen agintearen seinale”. Karguaren zina egin ondoren, errektoreak idazkari nagusia izendatzeko ebazpena sinatu du. Idazkari nagusiak jabetza hartu du karguaren zina egin ondoren, eta, jarraian, errektoreordeek gauza bera egin dute, zin egiteko edo hitzemateko formula baliatuz.

Gero, Ramón Gonzalo errektoreak eta María Chivite Nafarroako Gobernuaren jarduneko lehendakariak hitzaldi bana eman dute. Azken horrek hitzaldia eman eta gero, “Gaudeamus igitur” abestia interpretatu dute, mahaiko kideak eta ikusleak zutik zeudela.

Zura Quartet hari-laukoteak jarri dio musika ekitaldi instituzionalari (Leire Fernández Sainz de Murietak, Mario Oroz Arraizak, Daniel Sádaba Bermejok eta Igor Saenz Abarzuzak osatua), baita Iruñeko Orfeoiaren Gazte Abesbatzak ere, Juan Gainzaren zuzendaritzapean.