Joan eduki nagusira

Bere ikerketa-institutuen emaitzak gizarteari hurbiltzea erronka global handiei erantzuteko eta zientziaren dibulgazioan tokiko erakundeekin lankidetzan aritzea dira Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) udan eskainiko dituen Udako Ikastaroen bi helburu nagusiak. Guztira, erakundeak 11 monografiko eskaintzen ditu ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, guztiak ere Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen XXIII. edizioaren programazioaren barnean. Ekimen hori Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du, Foru Komunitateko bi unibertsitate presentzialekin lankidetzan (NUP eta Nafarroako Unibertsitatea), bai eta eta UHUNek Iruñean eta Tuteran dituen zentro elkartuekin ere. Izena emateko epea zabalik dago eta informazio guztia NUPeko Udako Ikastaroen webgunean dago kontsultatzeko.

zoom Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroak aurkezteko prentsaurrekoa. Ezkerretik eskuinera: José Miguel Laco (Iruñeko UHUN), Begoña Pérez (NUP), Juan Cruz Cigudosa jarduneko kontseilaria, Rosalía Baena (NU) eta Luis J. Fernández (Tuterako UHUN).

Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroak aurkezteko prentsaurrekoa. Ezkerretik eskuinera: José Miguel Laco (Iruñeko UHUN), Begoña Pérez (NUP), Juan Cruz Cigudosa jarduneko kontseilaria, Rosalía Baena (NU) eta Luis J. Fernández (Tuterako UHUN).

Nafarroako Unibertsitateetako Udako Ikastaroen programazio osoa gaur goizean aurkeztu dute Juan Cruz Cigudosa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak, Begoña Pérez Eransus NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak eta Rosalía Baena Nafarroako Unibertsitateko Ikasleen Gaietarako errektoreordeak. Bertan izan dira, halaber, José Miguel Laco UHUNen Iruñeko zentro elkartuaren idazkari nagusia eta Luis J. Fernández UHUNen Tuterako zuzendaria. Nafarroako Gobernuak ez ezik, Iruñeko Udalak, Unibertsitateko katedrek eta zenbait elkartek, fundaziok, enpresak eta tokiko entitatek finantzatzen dituzte NUPeko ikastaroak.

Nafarroako Unibertsitateetako Udako Ikastaroen hasierako hitzaldia Lydia Delicado Moratalla NUPeko irakasleak emanen du ekainaren 7an (asteazkena), 19:00etan, Nafarroako Museoan, eta hau izanen du izenburu: “Pornografia: arazo sozial global bat”.

Gaixotasun arraroak, artea, teknologia eta kultura-industriak

NUPeko Udako Ikastaroetako lehenbizikoa, “Aurrerapenak gaixotasun arraroei heltzeko orduan”, ekainaren 13tik 15era izanen da, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren laguntza du, baita GERNA elkartearena ere. Ikastaroaren helburua da Osasun Sistema Nazionalaren Gaixotasun Arraroetako Estrategia berrikustea eta gaixotasun arraroei heltzeko orduan azken hamarkadan lortutako aurrerapenak aztertzea. Esther Vicente Cemborain NUPeko irakasleak gidatuko du.

Ekaineko bigarren ikastaroak “Nafarroako Pirinioak: etorkizunerako ate bat zabalik” du izenburua, eta ekainaren 17an izanen da, Izaban. Europako mugaz haraindiko lankidetza eta Pirinioetako gunerako eskaintzen dituen aukerak aztertuko dituzte Elvira Sanz Tolosana NUPeko irakaslea eta Begoña López García Dos Navarras elkarteko presidentea zuzendari dituen ikastaroan. Monografikoak NUPeko Zientziaren eta Ondarearen Errege Bardea Katedraren eta Larra-Belaguako eski estazioaren babesa du.

Bestalde, ekaineko hirugarren ikastaroak aztertuko du nola heldu ikuspegi feministatik eskola-adineko ikasleek ingurune digitalean egiten duten pornografiaren kontsumoari. Ekainaren 20tik 29ra eginen da. Lydia Delicado Moratalla NUPeko irakasleak gidatuko du, eta Ehuleak elkarteak lagundu du. Ekaineko monografikoak NUPeko Udako Eskolaren 9. edizioarekin amaituko dira (ekainaren 29an eta 30ean). Ekimen horretan Iruñeko Udalak eta Ingurumen Hezkuntzako Museoak lagundu dute.

Uztailean hiru ikastaro eskainiko dira. Lehenbizikoa uztailaren 3tik 5era eginen da, “Hibridazioa: artea, zientzia eta teknologia” izenburupean. Lerinen izanen da eta bertako Udala eta Descubre fundazioa dira laguntzaile. Matematikaren, musikaren, artearen, astronomiaren eta adimen artifizialaren arteko loturak esploratzea eta ezagutaraztea du helburu. Bestalde, uztailaren 3an eta 4an, NUPeko Arrosadiko campusean, “Historia prime time-an kontsumitzen da: historiaren gorakada kultur industrietan” ikastaroa eskainiko da. Ikastaroak GTL History Proiektua eta Unibertsitateko Kultura Zientifikoaren Unitatea ditu laguntzaile.

Uztaileko azken ikastaroa hau izanen da: “Osasuna eta indarguneak; gainerakoa Historia da” (uztailaren 29an eta 30ean, Uxuen). Monografiko horretarako sarrera doako da, eta Uxueko Udalaren eta Jakiunderen babesa du.

Izarrak, gastronomia, fisioterapia eta hezkuntza eta ondarea

Abuztuan bi ikastaro emanen dira. Lehenbizikoak “Izarrak, gastronomia eta matematika” du izenburu (abuztuaren 11tik 13ra), eta Donostian eta Uxuen eginen da. Iruñeko Planetarioak eta Astronavarrak laguntzen dute zuzendaritzan. Bigarrena “Komunitatearentzako ongizate-ibilbideak: lurraldea muin. Sakratutasunaren ikerketa” da (abuztuaren 28tik irailaren 1era). Nafarroako Gobernuaz gain, Gesalazko Udalak eta Herri Lanaerts Fundazioak lagundu dute antolaketan.

Irailean, eskaintzak bi monografiko hartzen ditu barne: “Neurobiomekanika eta errealitate birtuala fisioterapian” (irailaren 4tik 6ra) eta “Hezkuntzaren eta ondarearen arteko loturak. Ondare hezkuntzaren erronkak” (irailaren 28tik 30era). Lehenbizikoan, patologia eta lesio muskuloeskeletikoetan, neurologikoetan, kirol arlokoetan eta min kronikoko kasuetan errealitate birtuala nola aplikatu izanen dugu aztergai. Bigarrenak helburu argi bat du: Nafarroako interpretazio zentroetan eta hezkuntza-erakundeetan egiten ari diren ondareari buruzko hezkuntzako ekimenak ezagutaraztea, eta hezkuntza-lege berrian ezarritako helburuak betetzen lagunduko duten lankidetza-harremanak bultzatzeko beharrezkoa den espazioa sortzea. Monografiko horrek Lekunberriko Udalaren, Larraungo Udalaren eta Bitartean elkartearen laguntza du.