Silvia Rivas Calvete Itsas Zientzietan eta Ingurumen Zientzietan lizentziadunak 2020ko Alkateen Itunaren emaitzak ebaluatu ditu NUPen irakurri duen doktoretza-tesian. Itun hori ekintza klimatikoaren arloan Europan modu harmonizatuan egin den lehen esperientzia da. Itun horretan, tokiko eta eskualdeetako agintariek beren lurraldean energia-efizientzia hobetzeko eta energia-iturri berriztagarriak erabiltzeko borondatezko konpromisoa hartu zuten.
Doktoretza-tesiaren izenburua hau da: “Evaluation of main drivers and barriers of local climate action in Europe. Cities taking action for the Sustainable Development Goals ” (Lekuko ekintza klimatikoaren bultzatzaile eta oztopo nagusien ebaluazioa Europan. Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzeko neurriak hartzen dituzten hiriak). Paolo Bertoldi izan da zuzendaria (Europar Batasuneko goi-mailako zientzia-arduraduna), eta Julián Garrido Segovia aritu da tutore lanetan (NUPeko Kimika Inorganikoko katedraduna). Tesiak bikain cum laude kalifikazioa eta nazioarteko aipamena lortu ditu.
Ebaluazio sakon hori, egilearen hitzetan, “tresna praktikoa da ikertzaileentzat, gobernuentzat eta profesionalentzat, etorkizun erresilientea eta karbono neutraltasuna lortzeko duten borroka kolektiboan eta jasangarritasunerako bidean”. Lanari esker, lau artikulu zientifiko argitaratu dira aldizkari espezializatu batzuetan.
Lehenik eta behin, Europako hirietan klima-aldaketa arintzeko ezarritako neurrien jarraipena egiteko efizientzia baldintzatu duten faktoreak aztertu ditu tesiak. “Ikerketak erakutsi zuen lekuko ekintzek ez dutela jarraipena egiteko sistema indartsu eta behar bezala ezarririk –hirien % 32an bakarrik dago halakorik–, eta horrek efizientziaren azterketa xehea egitea zailtzen eta neurrien egiazko efizientzia murrizten du, ez baitu aukerarik ematen haien egiazko eragina ezagutzeko, eta, beraz, ezta berregokitzapen eta zuzenketak egiteko ere”.
Hirietan behar bezalako monitorizazioa egiteko aukera ematen duten faktoreen artean, hauek aipatu ditu egileak: bertako langileen parte-hartze zuzena eta iraunkorra; kanpoko aholkularien parte-hartzea mugatzea; interesa duten aldeak prozesuan inplikaraztea eta parte-hartze prozesuak antolatzea; planaren hasieran aurrekontu zehatz bat ezartzea; jardueraren sektorean plana eta ekintza zehatzak lehenbailehen garatzea, eta, bereziki, ingurumen kontuetan aldez aurreko esperientzia izatea.
Horiek horrela, Silvia Rivasek ondorioztatu du “planifikatutako aurrekontu osoa handitzea eta helburu anbiziotsuagoak ezartzea ere ez direla faktore erabakigarriak plana amaitzeko eta haren jarraipen arrakastatsua egiteko, eta, azken buruan, emaitza hobeak lortzeko”.
Egiazko emaitzak kuantifikatzea
Faktore onuragarriak eta oztopoak identifikatu ondoren, bigarren puntuan, hiriek beren lurraldeetan lortutako emaitza errealak kuantifikatu zituen. Egileak ondorioztatu duenez, “lehenbiziko emaitzek dagoeneko erakusten dute lekuko agintariak nabarmen ari direla laguntzen aldaketa klimatikoaren ondorioak apaltzen; batez beste beren konpromisoen % 85,6 bete zuten, eta lekuko administrazioen % 39,9k dagoeneko lortuak edo gaindituak zituen beren helburuak”.
Egileak nabarmendu du hiri handien (50.000 biztanletik gorakoak) eta txikien (gainerakoak) artean alde handia dagoela jokabideetan. “Lehenbizikoetan, emaitzak lortzeko faktore garrantzitsuenak jardun klimatikoa goiz hasi izana eta interesa zuten aldeek parte hartzeko prozesu bat martxan jarri izana izan ziren; aldiz, hiri txikietan agintari lokalekin lankidetza estuan barneko planak egiteak lagundu du emisioak neurri handiagoan murrizten”.
Hirugarren puntu moduan, doktoretza-tesiak ekintza horien esangura, jasangarritasuna eta inpaktua aztertu zituen; hala, ikertu nahi izan zuen zer alderdik lagunduko lieketen hiriei helburu anbiziotsuagoko konpromisoak hartzen lekuko klima-jarduketen hurrengo aldira begira (2020-2030).
Azkenik, aldaketa klimatikoaren aurrean egokitzapenak egiteari lotutako ekintza-planen faktore eta ezaugarri nagusien ebaluazioa egin zuen. “Ikusi genuen interesa zuten alde askoren eta herritarren parte-hartzeari esker egokitzapen eraginkor baten plangintza egin zitekeela”, adierazi du Silvia Rivasek. “Horrez gain, lekuko administrazioek gaur egun martxan diren ekimenekin bat eginez gero, baliteke administrazio horiek laguntza tekniko eta finantzarioa emateko nazioarteko prozesuetan sartzea, eta, hala, planak egiaz ezar daitezen erraztea”.
Ondorio moduan, doktoretza-tesiak zenbait gomendio orokor ematen ditu, hala nola ekintza klimatikoko lekuko ekimenak behar bezala monitorizatzea eta hiri txikiei laguntza ematea epe luzeko helburuetan lan egin dezaten. Horrez gain, ekintza klimatikoa bi martxatako prozesua dela baieztatu du. “Azken faktore hori kontuan hartu beharrekoa da hiriak hobetzeko eta haiei laguntza emateko marko harmonizatuak garatzean”.
CV laburra
Silvia Rivas Calvete (Iruñea) lizentziaduna da Itsas Zientzietan (2000) eta Ingurumen Zientzietan (2004). 2006an, Jasangarritasuneko Masterra eskuratu zuen Cádizko Unibertsitatean, eta, ondoren, Nazioarteko Lankidetzako, Nazioarteko Ordenamendu Juridikoko eta Laguntza Humanitarioko Master Hirukoitza egin zuen Santiago de Compostelako Unibertsitatean (2020). Orain Zientzietako eta Teknologietako tesia defendatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
20 urteko ibilbide akademikoan, Silvia beti jardun izan da erakundeetako politika publikoetara zuzendutako laguntza zientifikoan. 2000tik 2004ra, Cádizko Unibertsitateko ikertzaile moduan, ingurumenaren arloko Europako lankidetza-tresna batzuetan jardun zen, hala nola TWINNING eta TAIEX tresnetan. 2007ra arte ingurumen teknikari aritu zen Andaluziako Juntako Ingurumen Kontseilaritzan eta San Fernando udalerrian, eta, 2013tik aurrera, zientzialari moduan aritu da Europar Batasuneko Ikerketa Zentroan (Joint Research Center), non nazioarteko kontuen arduradun gisa aritu baita Europako Itun Berdearen (Green Deal) ekimen nagusian, hots, Alkateen Munduko Itunean; gaur egun itun horrek munduko biztanleriaren % 13 batzen du aldaketa klimatikoaren eta krisi ekonomikoaren borroka harmonizatuan.