Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bere ikasleek aurkeztutako zortzi proposamen hautatu ditu 2023ko Kultur Proiektuen deialdian. Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak sustatzen du deialdia, eta 2023. urtean edozein titulaziotako ikasleek erakundearen bizitza kulturala aberasteko aurkeztutako ekimenak aintzatesten ditu.

Honako hauek dira hautatutako proiektuak, parentesi artean adierazita nork aurkeztu duen bakoitza: “Bizitzarako antzerkia” (Massil Allache de Esteban), “Mikrokontakizun Juridikoen Kafka Saria” (Ander Loyola Sergio), “Orquestando un futuro” (Mikel Pio Aymerich), “Tradizioa garaikidetuz” (Irati García Echeondo), “Bazen behin” euskarazko irakurketa-kluba (Ilazki Muniáin Barrachina), “Disco de música urbana” (Rubén Lapuente Núñez), “NUPeko IEEE Student Branch jardunaldiak” (Jesús Arellano Usón) eta podcast soziologikoa (Guillermo Bergantiños San Martín).  

zoom proyectos culturales

Hautatutako kultur proiektuen egileetako batzuk. Ezkerretik eskuinera: Massil Ayache (Bizitzarako antzerkia), Kattalin Velez, Rosa Olagüe eta Guillermo Bergantiños (podcast soziologikoa), José Ángel Ochoa eta Jesús Arellano (IEEEren ikasleen adarra). Beheko lerroan, ezkerretik eskuinera: Ander Loyola (Mikrokontakizun Juridikoen Kafka Saria), Irati Zunzarren eta Oihane Arriezu (podcast soziologikoa) eta Ilazki Muniain (“Bazen behin”).

Proiektuak aukeratzearren, kontuan hartu da zenbateko gaitasuna duten zenbait balio sustatzeko, hala nola sormena, originaltasuna eta berrikuntza, errespetua, enpatia, dibertsitatea, erabilgarritasun publikoa, elkartasuna, berdintasuna, ekitatea, bizitza osasuntsua, jasangarritasuna, garapen jasangarrirako helburuekiko lotura (GJH) eta, oro har, ingurunearekiko ardura bultzatzeko ahalmena. Proiektuek zer eduki dituzten eta noiz eginen diren jakin nahi izanez gero, sartu Unibertsitatearen webgunean edo jarri harremanetan Kulturako eta Kiroletako Unitatearekin (948 16 84 78 telefonora deituz edo actividades.culturales@unavarra.es helbide elektronikora idatziz).

Hitzaldiak, erakusketak, zientzia, musika eta antzerkia

Saritutako proiektuetako zenbait aurreko urteetan ere egin dira, esaterako literatur topaketak eta Kafka Sari Literarioa (azken horrek zortzigarren edizioa du aurtengoa). Beste zenbait, aldiz, berriak dira, hala nola “Bizitzarako antzerkia” (Massil Ayache). Proiektu horretan bi antzezpen desberdin eginen dira: lehenbizikoa, Alzheimerren gaixotasunari buruzkoa, eta, bigarrena, norberaren segurtasun gabeziari buruzko antzezlan klasiko bat (Cyrano de Bergerac), egungo garaietara egokitua.

Bestalde, Jesús Arellano ikasleak IEEEren NUPeko ikasleen adarra sortu du, NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailak, Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoak (IITIGMET) eta Smart Cities Institutuak babestua (ISC). Proiektu horren helburua elektronika eta haren aplikazioak zenbait arlotan sustatzea da, diziplina hori adin guztietako pertsonengana hurbilduz jardueren, bilera sozial eta teknikoen, dibulgazio programen eta hitzaldien bidez. Lehenbiziko urterako, bi hitzaldi aurreikusi dira, eta lortutako laguntzari esker gauzatuko dira. 

Bestalde, Ilazki Muniainen asmoa euskarazko irakurketa-klub bat garatzea da, “Bazen behin” izenekoa, Unibertsitateko komunitatearen barnean euskarari beste leku bat ematearren, parte-hartzaileen egunerokoan integratzearren eta ideiak modu lasaian partekatzeko eta eztabaidatzeko aukera emanen duen aisialdi jarduera batekin lotzearren. 

Bestalde, Erel & Kuñi musika-taldeak (Rubén Lapuentek eta Unai Canterok osatua) bere lehenbiziko diskoa argitaratuko du, “emozioak eta esperientziak nahasten dituen lana, baita musika-estilo asko ere”, artistek diotenez.

Soziologiako podcasta, bestalde, prestakuntza akademikotik abiatuta zenbait errealitate sozial (hirigintza, feminismoak, gazteria, prekarietatea, etab.) hizkera erraz baten bidez jorratzeko interesetik sortutako ekimena da. Eztabaidarako, analisirako eta gogoetarako gune bat sortzea da helburua. 

Azkenik, NUPeko ikasleekin orkestra bat antolatzea da "Orquando un futuro populares" proiektuaren ideia NUPeko ikasleek osatutako orkestra bat antolatzea da. Ez da askorik behar: musika tresna bat jotzea eta gogoa izatea musika beste pertsona batzuekin partekatzeko.