Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bere jakintza-arlo guztietako 42 titulu bereki eskaini ditu 2023-2024 ikasturterako, eta lehenbiziko aldiz emanen ditu horietako 3. Izena emateko lehenbiziko epea maiatzaren 18a arte egonen da zabalik, eta interesdunek NUP Fundazioaren prestakuntza jarraituari buruzko webgunean aurkituko dute horren inguruko informazio guztia.

Ezarri berri diren hiru tituluak honako hauek dira: Adituaren Diploma Gaixo Kritikoarentzako Erizaintzako Zainketetan, Adituaren Diploma Segurtasunaren Zuzendaritzan eta, azkenik, Adituaren Diploma Blockchainen, Smart Contract direlakoetan eta Metabertsoaren Aplikazio Juridikoetan. 

Titulu berekiak inguruko prestakuntza-beharrei erantzuteko sortzen dira, ezagutzaren bidez pertsonen enplegagarritasuna sustatzeko helburuz. Gehienak gizarte osoarentzat eskaintzen dira, modu irekian, eta horietako hamar, berriz, graduko ikasketa ofizialei lotuak daude, ikasleek prestakuntza espezializazioekin osatu dezaten pentsatuak. 

zoom Estudiantes

Ikasleak gelan.

Graduei lotutako titulu berekiak eta erakundeentzat neurrira egindako eskaintza

Graduei lotutako tituluen artean, haietako hiru edozein titulutako ikasleentzat dira: Unibertsitateko Espezialista Zeharkako Gaitasunetan (barne hartzen ditu garapen pertsonala, konpetentzia digitalak eta garapen jasangarria), Unibertsitateko Espezialista Berrikuntzan eta Ekintzailetzan (ekintzailetzarako aukerak identifikatzeko, haiek gauzatzeko eta erronkei irtenbidea bilatzeko gaitasuna ematea du xede, ikasleak NUPeko eta Nafarroako ekosistema ekintzailean integratuz benetako esperientzien bidez) eta Espezializazio Diploma Gaztelanian, Kulturan eta Negozioetan (gaztelaniaren ezagutzan sakondu nahi duten nazioarteko ikasleei zuzendua).

Bestalde, NUPek programa korporatiboak garatzen ditu, neurrira diseinatutakoak talentua erakarri, garatu eta atxiki nahi duten edozein arlotako eta edozein tamainatako erakundeentzat. “In company” izena du prestakuntza horrek, eta NUPen titulu berekiak enpresa edo erakunde interesdunentzat ematea edo egokitzea eskaintzen du, baita haien neurrira egindako tituluak diseinatzea ere. 

Eskaintzaren ezaugarriak eta enpresekiko lankidetza

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren titulu bereki horien guztien prestakuntza-eskaintzak bi helburu ditu: batetik, tituludunen eta profesional gazteen gaitasunak eta trebetasunak sustatzea eta profesionalen gaitasunak eguneratzea lan merkatuan sar daitezen edo beren titulazioari egokitutako lanpostu bat eskura dezaten; eta, bestetik, enpresek eta administrazioek beren beharretara egokitutako pertsonal kualifikatua edukitzea.

Alde horretatik, nabarmendu behar da NUPen titulu berekien % 57 entitateekin sinatutako lankidetza-hitzarmenen bidez gauzatzen dela. Entitate horiek tituluaren finantzaketa eta zabalkundea errazten dute edo ikasleei prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera ematen diete. 

Horretaz gainera, titulu berekietako ikasleek zenbait abantaila dituzte, hala nola lan orientaziorako zerbitzu unibertsitarioa, enpresa eta entitateetan prestakuntza-praktikak egiteko aukera, eta Unibertsitatean zenbait zerbitzu eta deskontu izateko aukera (hizkuntza-ikastaroak, kirolak, etab.).

Prestakuntza jarraitua

CRUEk 2019-2020 ikasturtean Espainiako unibertsitateen datuei buruz egindako txostenaren arabera, Espainian, prestakuntza jarraituko ikasketaren bat egiten duen jende kopuruari dagokionez, Nafarroak du bigarren emaitzarik hoberena, Euskal Autonomia Erkidegoaren atzetik. Nafarroan, 25 eta 64 urte bitarteko biztanleen % 12k baino gehixeagok egiten du ikasketa berekiren bat; Estatuko batez bestekoa, aldiz, % 10 da. 2021-2022 ikasturtean, 2.000 lagunek baino gehiagok egin zuten prestakuntza jarraituko ikasketaren bat NUPen.