Juan Carlos García Funes Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakaslea “Desafectos. Batallones de trabajo forzado en el franquismo” liburuaren egilea da. Bertan, gerran preso hartutako soldadu errepublikanoen historia kontatzen du. Soldadu horiek estatu-kolpearen eta erregimen berriaren aurkako gisa sailkatu zituzten kontzentrazio-esparruetan, eta “langileen batailoiak” osatzeko errekrutatu zituzten. Comaresek argitaratu du liburua, eta irakasleak 2018an NUPen irakurri zuen doktoretza-tesian oinarritua dago.
Liburuan kontatzen denez, “1937an hasi eta berrogeiko hamarkadaren lehenbiziko erdian pixkanaka desegin zen arte antolatutako esplotazio sistema Espainia garaikidean egon den gatibu lanen sistemarik handiena izan da”, azaldu du Juan Carlos García Funesek. Armada errepublikanoetan borrokatu ziren soldaduek osatzen zituzten batailoiak. Soldadu horiek ez ziren exekutatzeko modukoak eta ez zuten espetxera eramanen zituen salaketarik, baina, halaber, ez ziren fidagarriak matxinatutako lerroak osatu eta gerra egiten jarraitzeko. Borrokaren ondoren, sistema horrek aurrera jarraitu zuen soldadutza batailoi horietan egin behar izan zuten milaka gazterentzat, baita Tasen Fiskaltza Nagusiak estraperlo delituengatik akusatuak zigortzeko ere.
Zenbait artxibotatik datoz Juan Carlos García Funesek erabiltzen dituen iturriak, batez ere Ávilako Artxibo Orokor Militarretik eta Memoria Historikoaren Zentro Dokumentaletik, eta ikerketa hemerografikoekin, kontakizun biografikoekin eta tokiko artxiboekin osatzen ditu.
Gatibu lanaren mobilizazioa, espazioen kokapena eta bizi kontakizunak
Liburuak sei kapitulu ditu. Lehenbizikoa ikerketa-prozesuari buruzko sarrera bat da, baita gaiaren egoera labur bat ere, zeinak obran agertzen diren kontzeptu nagusien definizioa hartzen baitu barne. Bigarren kapituluan, armadak gatibu lana mobilizatzeko egindako antolaketa aztertzen du Juan Carlos García Funesek.
Hirugarren kapituluan, batailoietako presoen kuantifikazioaren erronkari heltzen dio egileak; hileroko kuantifikazioa egiten du, 1937 eta 1945 bitartean, ikuspegi makroa eta mikroa uztartuz. Laugarren kapituluan, egileak lan eremuak non kokatu ziren aztertzen du, gatibu lanaren mapa bat egiteko xedez, indarkeriaren inpaktu ekonomikoarekin eta lurralde dimentsioarekin lotutako ikerketei heltzeko oinarri gisa balio dezan etorkizunean, bai eta zigorraren eta gatibu lanaren kartografiari heltzeko ere. Hilabete batzuk xehetasun handiagoz aztertzen ditu, haien garrantzia dela-eta, eta probintzia bakoitzean zer lan mota egin ziren zehazten du. Halaber, lanen kategorizazioa egiten du haien helburuen arabera: militarrak, zibilak edo erlijiosoak, bakoitza bere azpikategoriekin.
Bosgarren kapituluan, gatibu lanaren azterketa ekonomikoa egiten du, eta, horretarako, presoen eskatzaileen eta agintarien arteko komunikazioak eta eskaeren zenbait alderdi aztertzen ditu: nork egiten zituen, zenbat preso eskatzen zituzten, zein lanetarako edo zer baldintza ezartzen ziren emakidak onartzeko.
Seigarren eta azken kapituluan, Juan Carlos García Funesek batailoietara bideratutako pertsonen esperientziak azaltzen ditu, haien kontakizunetatik abiatuta. Egileak zehazten duen bezala, gatibu lana askotan muturreko baldintzetan egiten zen.
Juan Carlos García Funesek zenbait eranskin gehitzen ditu, zeinek informazio ugari ematen baitute gatibu lanen kokapenei eta motei buruz, bai eta eskatzaile desberdinek (armada, administrazio publikoak, enpresak...) egindako presoen eskaerei buruz ere. Horrez gain, QR kode bat ere ageri da liburuan, NUPen webgunean jasotako lan dokumentu batera bideratzen duena. Bertan, batailoien izenak, preso kopuruak eta estatu mailako kokalekuak ematen ditu; Memoria Historikoaren Zentro Dokumentalean egin zuen dokumentazioaren hustuketa sistematikoaren ondoriozkoa da informazio hori guztia.
Egilearen curriculum laburra
Juan Carlos García-Funes Historian lizentziatu zen 2010ean Unibertsitate Konplutentsean (UCM) eta Historia Garaikideko Ikerketako Unibertsitatearteko Masterra egin zuen UCMn eta Zaragozako Unibertsitatean (2011-2012). Geroago, doktoretza titulua lortu zuen NUPen (2017), non Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtseko ikertzailea baita 2012tik. Gaur egun, NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakaslea da.
Bere ikerketa-lerroak hauek dira: indarkeria frankista Gerra Zibilean eta lehen frankismoan, eta, batez ere, gatibutzarekin lotutako indarkeria. Talde hauetako kide da: Espetxearen eta Zigor Erakundeen Historiari buruzko Ikerketa Taldea, Gerra Zibilaren eta Frankismoaren Ikerketa Talde Konplutentsea eta Gerónimo de Uztariz Institutua; gainera, azken horretako aldizkariaren editore orokorra da. Ekarpenak egin ditu zenbait liburu eta aldizkaritan, eta “A recoger bombas: batallones de trabajo forzado en Castilla y León (1937-1942)” liburuaren egilea da.