Nafarroako Unibertsitate Publikoko Artxibo Nagusiak gordailuan jaso du Iruñean “Giza Letren eta Jainkoaren Letren Unibertsitate bat” sortzeko Errege Agindua jasotzen duen dokumentua, Filipe III.a erregearen izenean emana Erresumako Gorteek egindako eskaera baten ondorioz. Testu hori, 1608ko uztailaren 16koa, Faltzesko Markesgoaren funtsaren parte izan zen, eta Sixto Jiménez Muniainek gordailatu du NUPen.
Gordailu kontratua Sixto Jiménez Muniain gordailugileak eta, NUPen izenean, Roldán Jimeno Aranguren idazkari nagusiak sinatu dute. Gordailatutako dokumentuaren balio historiko eta kulturala nabarmentzen du kontratuak, eta bi aldeek konpromisoa hartzen dute Nafarroako Ondare Kulturalari eta Artxibo eta Dokumentuei buruzko foru legeen edozein preskripzio errespetatzeko, baita dokumentazio historikoaren arloan aplikatzekoa den beste edozein arau ere.
Nafarroan unibertsitate bat sortu nahia Erdi Arotik dator; ondoren, XVI. mendean, proposamen batzuk aztertu ziren, dokumentu horren aurrekari izan zirenak, nolabait. Zehazki, Nafarroako erregeordearen eta haren Errege Kontseiluaren Errege Agindu horretan, Nafarroako Erresumako hiru estatuek eskatuta, lizentzia ematen da Nafarroako Erresumako hiri, hiribildu eta lekuek beren borondatez laguntza eman dezaten Iruñean unibertsitate bat eratzeko.
Dokumentuan honako hau azaltzen da: “On Filipe, Jainkoaren graziaz Gaztelako eta Nafarroako errege den hori, (…) jakin beza berorrek ezen, Iruñeko gure hiri honetan, gure manuari jarraikiz, Erresuma honetako hiru Estatuak elkartu zirela Gorte Nagusietan, eta, Erresumaren izenean, aditzera eman zigutela ezen, Erresumaren eta bere biztanleen onerako eta probetxurako, inportantzia eta balio handikoa zela eta dela Erresuma honetan Giza Letren eta Jainkoaren Letren Unibertsitate bat izatea, halakorik ez izateagatik asmamen handiko anitz gizabanako bazterturik daudelako eta ez dutelako aukerarik Erresumatik at ikasketekin jarraitzeko”.