Joan eduki nagusira

Datorren astelehenean, apirilak 17, 12:00etan, Tateh Lehbib ingeniariak hitzaldi bat emanen du Nafarroako Unibertsitate Publikoan, saharar herriaren bizi-kalitatea hobetzeko gaur egun garatzen ari den zenbait proiektu ezagutarazteko. Tateh Lehbib “Basamortuko eroa” izenez da ezaguna, eta 2017an, ACNURek finantzatutako proiektu bati esker, plastikozko eta hareazko botilekin egindako 25 etxebizitza eraiki zituen, basamortuko baldintza klimatikoei aurre egiteko gai direnak, Awserd-eko, Boujdour-eko, Dakhla-ko, Smara-ko eta Laayoune-ko errefuxiatu-kanpalekuetan.

zoom Tateh Lehbib

Tateh Lehbib NUPen antolatutako jardueretako batean.

Hitzaldia Liburutegiko Open Space aretoan izanen da, eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Soziologia eta Ekonomia irakasgaia egiten ari diren ikasleei dago zuzendua.

Tateh Lehbib Tindufeko errefuxiatu-kanpalekuetan hazi zen. Energia berriztagarrien arloko ikasketak egin zituen Aljerreko Unibertsitatean, eta, ondoren, Efizientzia Energetikoari buruzko Masterra egin zuen Kanaria Handiko Las Palmaseko Unibertsitatean, Europar Batasuneko Erasmus Mundus beka bati esker. Hareaz betetako plastikozko botilekin eraikitako sandship ekoetxebizitzen diseinua eta eraikuntza izan zen hark egindako ekarpen berritzailea, ACNURen laguntzari esker garatua. Horrela, sahararrek jasan behar dituzten muturreko baldintza klimatikoei aurre egitea lortzen da, etxebizitzen konfort termikoa eta efizientzia energetikoa hobetzen baitira.

zoom Foto de grupo

Tateh Lehbib, NUPen, Materialen Zientzia irakasgaiko ikasle eta irakasleekin batera.

Bere proiektua nazioartean da ezaguna. Tateh Lehbibek arkitektura ekologikoari eta basamortuko klimari buruzko kongresu eta konferentzia nazionaletan eta nazioartekoetan parte hartzen du, eta, halaber, jarraitzen du teknika berriak ikertzen eta garatzen. 2018ko Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren karietara, haren proiektua hirugarren tokian kokatu zen, ACNURen arabera planeta hobetzen laguntzen duten bederatzi proiekturen artean.

Aurten, Nafarroako Unibertsitate Publikoa zenbait jarduera egiten ari da “UNIRefugees: errefuxiatuekiko eta GJHekiko konpromisoa” proiektuaren barrenean, zeina ACNURen Espainiako Batzordea Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzarekin elkarlanean garatzen ari baita. Martxo amaieran, NUPeko Nazioarteko Lankidetzari eta Garapenari buruzko Ikastaroaren itxiera zela-eta, Tateh Lehbibek “Asiloari eta Errefuxiatuei buruzko Mitoak” hitzaldia eman zuen. Era berean, apirilaren 3an hitzaldi bat eman zuen Ingeniaritza Mekanikoko Graduko Materialen Zientzia irakasgaiko ikasleentzat.